Paga Congelada antzezlaneko aktoreak
Ume zein heldu izan, asteburuko kultur egitarauak badakar aukera zabala oraingoan; aratusteetako ekitaldiez gain, badagoelako bestelakorik be Busturialdean. Bihar eta domekan, esaterako, profesionalen eta amateurren antzezlanak daude ikusgai Bermeon eta Gernika-Lumon. Bihar bertan, adibidez, duela zenbait aste Gernika-Lumon ikusi ahal izan zen Hil arte Bizi antzezlana taularatuko du Txalo konpainiak.”Heriotzaz hitz egiten duen komedia eta adiskidetasunari buruzko tragedia” horretako aktoreak –Sara Cozar, Iker Galartza eta Joseba Usabiaga– Begoña Bilbaoren zuzendaritzapean ariko dira Nestor Basterretxea aretoan. 21:00etan hasiko da saioa eta sarrerak 8 euro balio du.
Bestalde, Besarkada antzerki talde amateurren federazioak antolatutako Emakumeak eszenatokian antzerki zirkuituaren barruan, Aztiak konpainiak Paga Congelada antzezlana eroango du etzi Gernika-Lumoko Elai-Alai aretora, 20:00etan. Kasu horretan, 4 euro balioko du sarrerak.
Umeentzat, magia eta umorea
Asteburu honetako hirugarren eta azken antzezlana umeei zuzenduta egongo da: Erre taldearen Magiklown. Magia, umorea eta trebetasuna uztartzen ditu Iñaki Urrutiak zuzendutako lanak, umeek une atsegin bat pasa dezaten.
Domekan edukiko dute gazteenek Alfonso Diez eta Imanol Rodriguez Magiklowneko aktoreak ikusteko aukera, Gernika-Lumoko Lizeo Antzokian, 17:00etan.