Bermeoko portuan zegoen itsas txakurra askatuko dute zapatuan
Urtarrilean Bermeoko portuan ikus zitekeen foka gris kumea Bizkaiko Foru Aldundiaren menpeko fauna basatia sendatzeko Gorlizko zentrora eroan zuten, konjuntibitisak jota zegoelako. Gaur egun, egoera onean dago itsas txakurra, eta hori dela eta, zapatua...
Urtarrilean Bermeoko portuan ikus zitekeen foka gris kumea Bizkaiko Foru Aldundiaren menpeko fauna basatia sendatzeko Gorlizko zentrora eroan zuten, konjuntibitisak jota zegoelako. Gaur egun, egoera onean dago itsas txakurra, eta hori dela eta, zapatuan 11:00etan, Bizkaiko Foru Aldundiko Base Gorrikoek Matxitxakotik lau miliatara aske utziko dute.
Bizkaiko Foru Aldundiko Base Gorriko beharginek eroan zuten itsas txakurra Bermeoko portutik Gorlizera urtarrilean. Izan be, Bermeoko portuan egun batzuk igaro ostean, animaliak begietako batean gaixotasunen bat zuela jakinarazi zieten AMBARekoek fauna basatia sendatzeko Gorlizko zentroko langileei. Hala, Bizkaiko Foru Aldundiko zentro horretako langileak Bermeoko portura hurreratu ziren, animaliak ezkerreko begian traumatismo bat zuela egiaztatuz. Hori dela eta, Gorlizko zentrora eroatea erabaki zuten, han artatzeko. Bizkaiko Foru Aldunditik jakinarazi zutenez, konjuntibitis larria zeukan itsas txakurrak, eta begiaren barruko ganberari eragin zion zauri batek keratitisa edo kornearen ur-zuria be sortu zion.
Pisua berreskuratuta
Aurreikusten zutena baino aste bete gehiagoz izan dute aipatu zentroan itsas txakurra, «itsasora bueltatzeko pisua berreskuratu duen arte». Zapatuan, AMBAR elkartekoen Hegaluze ontzitik askatuko dute itsas txakurra.