Barikuetan Jai Alai Txapelketaren aurkezpena gaur eguerdian egin dute. Aurten laugarren biderrez antolatu dute txapelketa, eta lehenengo saioa bariku hontan jokatuko dute lau bikotek: Antxon/Ubillak, Jon Barandika/Urtubik, Xabi Barandika/Ubillak, eta Xabi Urtubi/Lekek. Kiniela amerikarra 20:00etan hasiko da, baina aurretik beste kiniela bat jokatuko dute Gernika-Lumoko eskolako puntista gazteenek.
Gonzalo Beasketxea eskolako kideak azaldu duenez, “txapelketa oso garranztitsua da Gernika-Lumokoa”. Horregatik, urteek aurrera egin ahala zesta punta apur bat berpiztu dela deritzo. Eskolako kidearen ustez, “pilotaririk hoberenak txapelketan parte hartzen dute, eta falta direnak, parte hartzeko irrikitan daude, baina ez dute baliabiderik”. Hala, datozen urteetan be, hazten jarraitu dezaketela deritzo.
Puntistak eta zaleak, bestalde, txapelketa hasteko “gogotsu daude”, eta eskolako kideentzat “oso pozgarria” da horrela izatea. Beaskoetxeak dioenez, bertoko zaleez gain, Estatu Batuetan dauden pilotari eta zaleek be, internet bidez jarraitzen dute txapelketa. Hala, bide egokitik doazela uste du.
Guztira hamasei puntistek jokatuko dute Barikuetan Jai Alai txapelketa, eta saio bakoitzen lau bikote ibiliko dira lehian pilotalekuan. Partidak barikuetan jokatuko dituzte, eta txapelketak ez du etenik izango. Aste Santuan, gainera, bi funtzio jokatuko dituzte puntistek.
Azkenengo saioa, bestalde, bikoitza izango da. Maiatzaren 11an jokatuko dute azkenengo funtzioa, eta hamasei puntistak ikusteko aukera izango dute zaleek.
Puntistak (aurrelariak)
- Xabi Urtubi (Gernika-Lumo)
- Antxon (Etxebarri)
- Roke (Gernika-Lumo)
- Xabi Barandika (Gernika-Lumo)
- Jon Barandika (Gernika-Lumo)
- Arbe (Markina-Xemein)
- Asier (Gernika-Lumo)
- Alberro (Donostia)
Puntistak (atzelariak)
- Ubilla (Markina-Xemein)
- Urtubi (Gernika-Lumo)
- Manzi (Gernika-Lumo)
- Leke (Gernika-Lumo)
- Garate (Markina-Xemein)
- Arrien (Gernika-Lumo)
- Salegi (Markina-Xemein)
- Azpi (Markina-Xemein)