Gernika KESBeko neskek 54-67 galdu zuten Casablanca talde zaragozarraren kontra. Partida galdu arren, gernikarrak “pozik” azaldu dira laugarren sailkatua estu hartu zutelako, Malosteko zelaian. Taldetik jakinarazi dutenez, “emozio handiko partida” izan zen, baina azkenengo minutuetan zaragozarrek aurrea hartu zuten hiruko jaurtiketei esker.
Bertokoek ez zuten norgehiagoka ona jokatu, baina defentsako lanari esker, partidan sartuta egon ziren azkenengo minutuetara arte. Amaitzeko zazpi minuturen faltan, esaterako, gernikarrak aurretik jarri ziren, baina orduan, zaragozarrak hiruko jaurtiketekn asmatzen hasi ziren, markagailuan ihes eginez.
Taldetik jakinarazi dutenez, emaitzak “ez du islatzen” partidan ikusi zena. Izan be, Casablanca laugarren sailkatua izan arren, bardintasun handia egon zen bi taldeen artean. Hala, partida galduta be, KESBetik “pozik” azaldu dira, “beste aurrerapauso bat” emon dutela iritzita.
KESBeko neskak sailkapen nagusiko bederatzigarren postuan jarraitzen dute Casablancaren kontra galdu arren. Estudiantes hamargarren sailkatuak, bestalde, bi partida gutxiago irabazi ditu. Aurretik, Leioako Irlandesas taldea dago bederatzigarren postuan, partida bat gehiago irabazita.