Blas Deunaren jaiek berotuko dute giroa etzitik aurrera
Eguraldi irgarpenek hotz handia egingo duela aurreikusi arren, bertoko bi auzotan ez dute aitzakirik izango jai giroan murgiltzeko. Hain zuzen, Eako Bedaroa auzoan eta Busturiko Axpe auzoan ospatuko dute eztarriko gaixotasunak sendatzen dituen santuaren eguna. Hala, Blas Deunaren jaiek berotuko dute giroa asteburuan.
Ospakizunak bihar hasiko dira meza nagusiekin. Mezetan San Blasetako kordelak bedeinkatuko dituzte, eta ostean hamaiketako jateko aukera izango dute bildutakoek.
Santuaren eguna bihar izango da, baina Axpen eta Bedaroan, asteburu osoan egongo dira jai giroan. Axpen, esaterako, Blas Deunaren Asto Proba Txapelketa, eta Tostada Txapelketa izango dira protagonista nagusiak.
Bedaroan, bestalde, bolo txapelketa jokatuko dute etzi, eta txapelketa amaitzean afari herrikoia egingo dute auzoko bizilagunek. Asteburu guztian zehar, gainera, Iker Potesen erakusketa ikusteko aukera izango dute bertara doazenek.
Axpeko egitaraua
Bihar
-12:00etan, meza nagusia eta San Blasetako kordelen bedeinkapena Axpeko Elizan.
-13:30ean, poteo herrikoia egingo dute Axpeko tabernetatik. Trikitixagaz alaituko dute giroa.
Etzi
-13:30ean, VI. Tostada Lehiaketa. Elizpean aurkeztu behar dira etxean egindako tostadak. Gutxienez zortzi tostada aurkeztu behar dira.
-17:30ean, Blas Deunaren XXXII. Asto Proba Sariketa. Jabi Landaluzek (Atxuri; Mungia), Lopeortu Ibarrondok (Erandio), Maiora Elkarteak (Muxika), eta Iker Legarretak (Bermeo) parte hartuko dute asteburuko lehennengo saioan.
Domekan
-13:00etan, Blas Deunaren XXXII. Asto Proba Sariketa. Narbaizak (Zalla) eta Ordorikak (Gernika-Lumo) parte hartuko dute goizeko saioan.
-17:30ean, Blas Deunaren XXXII. Asto Proba Sariketa. Manuel Intxaustik (Mendata), Maumeko Gaztak (Muxika), Egiak (Bermeo) eta Alegriak parte hartuko dute txapelketako azkenengo saioan.
Bedaroako egitaraua
Bihar
-12:00etan, meza nagusia eta ostean, hamaiketakoa.
Etzi
-19:00etan, Bolo Txapelketa.
-21:00etan, afari herrikoia egingo dute eatarrek.
Bihar, etzi eta domekan
-Iker Potes eskultorearen erakusketa ikusteko aukera goizetik iluntzera arte.