Laugarrena ere, arrakastatsua
Batera zein bestera begiratuta, eguneko tenperatura altuei aurre eginez baserritar arropak zeramatzaten herritarrak ikus zitezkeen zapatuan Gernika-Lumoko kaleetan, laugarren Euskal Jaik proposatutakoari jarraituz. Eguerdian bota zuten txupina Zesta Pu...
Batera zein bestera begiratuta, eguneko tenperatura altuei aurre eginez baserritar arropak zeramatzaten herritarrak ikus zitezkeen zapatuan Gernika-Lumoko kaleetan, laugarren Euskal Jaik proposatutakoari jarraituz.
Eguerdian bota zuten txupina Zesta Punta eskolako Gonzalo Beaskoetxeak eta Edorta Basterretxeak. Ordutik, ekitaldiz jositako ordu luzeak izan zituzten gernikarrek aurretik.
Kantaguneak ipini zion doinua egunari, 500 lagun inguru aritu baitziren kantu kantari kalerik kale. Elai-Alaiko dantzariak be ibili ziren batera eta bestera, euren dantzekin jendea animatuz eta egunari euskal kutsua emonez. Orritz taldearen pertsonaia mitologikoak, joaldunak, txalapartariak… Festa girorik ez zen falta izan egun osoan.
Ia 1.500 lagun bazkaritan
Merkatu plazara eroan zuten jai giroa bazkalorduan, han izan baitzen herri bazkaria. Iazko datuak gainditu zituen, gainera, aurtengoak, ia 1.500 lagun batu baitziren mahaiaren bueltan. Euskal fanfarriak, trikitilariek eta dantzariek girotu zuten bazkalosteko jaia, Merkatu plazan bertan.
Gozategik ipini zion musika iluntzeari, hainbat jende batu zelarik Pasealekuan bere kantu alaiekin dantzatzeko.