Estreineko partida galdu dute Gernika KESBeko neskek
Emakumezkoen bigarren mailan jokatzen duen taldeak hurbil izan zuen garaipena iragan asteburuan. Maila barrian jokatu zuten estreineko partidan, Leioako Irlandesas taldeari aurre egitea lortu zuten, baina azken minutuetan hutsegin ostean, esku hutsik b...
Emakumezkoen bigarren mailan jokatzen duen taldeak hurbil izan zuen garaipena iragan asteburuan. Maila barrian jokatu zuten estreineko partidan, Leioako Irlandesas taldeari aurre egitea lortu zuten, baina azken minutuetan hutsegin ostean, esku hutsik bueltatu ziren Gernika-Lumora. Halanda be, “pozik” azaldu dira jokalariek bigarren mailako talde indartsuenetako bat estu hartu zutelako.
Gernikarrei partidan sartzea kosta zitzaien, eta ohartu orduko, 10 eta 1 ziren atzetik lehenengo minutuetan. Partida maldan gora hasi zitzaien, baina defentsan “lan gogorra” egin ostean, puntuak pilatzen hasi ziren Gernikarrak.
Lehenengo zatian, Tynikki Crooken puntuak oso garrantzitsua izan ziren Leioatarrek markagailuan ihes ez egiteko. Atsedenaldian hiru puntuko aldea zuen Irlandesasek.
Bigarren zatian, gernikarrek defentsako lan ona egiten jarraitu zuten, eta markagailuan aurretik jartzea lortu zuten. Halanda be, azken minutuetan zenbait hutsegite egin zituen Gernika KESBek, eta Amaia Tena leioatarraren puntuei esker, Irlandesas taldeak irabazi zuen partida.
Partidako onena, Tynikki Crook estatubatuarra izan zen. Gernikarren jokalariak 25 puntu sartu zituen, eta zortzi errebote hartu zituen.