Bikandirentzat ganadutegi onenaren saria
Pirenaika Arrazako XXVI. Euskal Herriko Lehiaketa izan da Gernika-Lumon, Urriko Lehen Asteleheneko azokaren baitan. 23 ganadutegi aurkeztu dira aurten, denen artean 108 abelburu ekarri dituztelarik. Arabatik, Gipuzkoatik, Nafarroatik eta Bizkaitik etorri dira ganadutegiak. Horien guztien artean onena Jon Koldo Bikandirena dela ebatzi du epaileak.
Arrakasta izan dute, gainera, Bikandiren abereek, sari bat baino gehiago irabazi baititu iurretarrak. Hain zuzen, eme txapeldunaren, ar txapeldunaren, 12-18 hil arteko urruxen, 3 eta bost urte arteko behi umatuen, 5 eta 8 urte arteko behi umatuen eta 30 hilabetetik gorako idiskoen sariak eroan ditu Bikandik.
Rufino Jaiok be sari bat baino gehiago eroan ditu etxera. Zehazki, hazi-jartzearen eme txapelduna berea izan da eta baita 8 urtetik gorako eme umatuarena be. Haziz era artifizialean jaiotako abererik onena be Jaiorena izan da.
Hiru sari lortu ditu Leire Amundarainek be. 18 eta 24 hilabete arteko urruxen, 2 eta 3 urte arteko urruxen eta 10 eta 30 hilabete arteko idiskoen sariak lortu ditu Amundarainek. Gregorio Iraolak, bestetik, 8-12 hilabete arteko urruxen sailean irabazi du.
Balorazio genetikoari dagokionez, Iñaki Alkortarena izan da eme irabazlea, eta Egoitz Magureginera ar txapelduna.
Atzo eta gaur izan da Gernika-Lumon Urriko Azken Asteleheneko azoka, eta, beti bezala, hainbat izan dira urteroko hitzordua galdu gura izan ez dutenak. Herritarrez gain, kanpotik etorritako hainbat lagunek bisitatu dute azoka.