Iazko denboraldia hobetu gura dute basurdeek, zaleen ilusioa mantenduz
Bizkaia Gernika errugbi taldeak 2011-2012 denboraldiko taldea aurkeztu zuen iragan zapatuan. Azaldu zutenez, iazko denboraldi bikaina hobetu gura dute, “ilusioa” mantenduz. Jose Angel Pradera taldeko presidentearen hitzetan, ez dute helburu...
Bizkaia Gernika errugbi taldeak 2011-2012 denboraldiko taldea aurkeztu zuen iragan zapatuan. Azaldu zutenez, iazko denboraldi bikaina hobetu gura dute, “ilusioa” mantenduz. Jose Angel Pradera taldeko presidentearen hitzetan, ez dute helburu zehatzik jarri, baina ez dute ezer baztertzen. Ligako sailkapen orokorreko “lehenengo postuetan” egon gura dute, eta “ilusio handiagaz” egingo diote aurre Kopari.
Jorge Jimenez entrenatzaileak, “lana” eskainiko du iazko denboraldia hobetzeko. “Ahalik eta partida gehien irabazten ahaleginduko gara, goikaldean jarraitzeko” azaldu zuen. Bestalde, basurdeen bigarren taldea goraipatu zuen Jimenezek, nazional mailara igo delako.
Basurdeen aurkezpenean hamaika aurpegi barri izan ziren. Hainbat jokalarik taldea utzi dute udan, eta horien lekua betetzeko, «kalitatezko» hamaika jokalari fitxatu ditu Bizkaia Gernikak: Bronson Ross (Irlanda), Marvin Swartbooi (Hegoafrika), Romain Ruiz (Frantzia), Tomas Pastor (Frantzia), Matthew Betty (Ingalaterra), Benjamin Ashmore (Ingalaterra), Carlo Garcia Parrado (Galiza), Josh Goldspink (Ingalaterra), David Hernandez (Bilbo), Frederic Montagut (Frantzia), Bruno Mantovani (Argentina).
Praderak azaldu zuenez, “aldaketa asko egon dira taldean, baina konfiantza handia dugu”. Maila “oso ona” emon dezakeen taldea dutela deritzo.
Aitzol Martitegi taldeko kapitainak be, berba egin zuen aurkezpenean. Bere hitzetan, “itxura ona” du taldeak, eta iazkoa hobetzen saiatuko dira.