Eguraldiak baldintzatuta iritsi da Bermeoko XVII. Arrain Azoka. Atzo, eguraldia lagun, hainbat izan ziren Lameran kokatutako 30 erakustokiak bisitatzen izan zirenak, eta salmentak be onak izan zirela nabarmendu zuten saltzaileek. Gaur, ostera, euripean esnatu da Bermeo eta, ondorioz, goizean zehar bisitariei dagokienez goibel samar egon da Lamera, salmentetan be eragina izanik. Eguerdirako, halanda be, eguraldiak hobera egin du, bisitari kopurua be gehituz. Saltzaileetako askok, dena den, salmentak ez direla beste urte batzuetako bestekoak izaten ari nabarmendu dute. Krisi ekonomikoa eta Arrain Azokaren data aurreratu izana aipatu dituzte, besteak beste, arrazoi legez. Produktuei dagokienez, bestalde, eskaintza zabala ipini dute enpresa erakusleek bezeroen eskura: hegaluzea, hegalaburra, antxoa, bakailaoa, itsaskiak… Produktu barritzaileak be aurkeztu zituzten zenbait enpresak, arrain mota ezberdinekin egindako pateak, pizzak, entsaladak edota hostoreak, esate baterako. Salmentak salmenta, bide erdia baino gehiago egina dauka dagoeneko XVII. Arrain Azokak, baina oraindik bada Bermeon zer egin, zertaz gozatu eta zer erosi, gaur eguerdira arte izango baita azoka zabalik. Hasierako orduak 11:00etan hasi zen atzo hamazazpigarren Arrain Azoka, erakustokien eta saltokien irekieragaz. Ohi legez, ordea, ordubete beranduago egin zuten inaugurazio ekitaldi ofiziala. Hiru eguneko egitarauari bide emon zion zintaren mozketan Nieves Teran Arrantza sailburuordeak, Izaskun Bilbao EAJren europarlamentariak eta Espainiako kongresuko EAJren diputatu Josu [...]