Salmenta gehienak, lehenengo egunean
Eguraldiak baldintzatuta iritsi da Bermeoko XVII. Arrain Azoka. Atzo, eguraldia lagun, hainbat izan ziren Lameran kokatutako 30 erakustokiak bisitatzen izan zirenak, eta salmentak be onak izan zirela nabarmendu zuten saltzaileek. Gaur, ostera, euripean esnatu da Bermeo eta, ondorioz, goizean zehar bisitariei dagokienez goibel samar egon da Lamera, salmentetan be eragina izanik. Eguerdirako, halanda be, eguraldiak hobera egin du, bisitari kopurua be gehituz. Saltzaileetako askok, dena den, salmentak ez direla beste urte batzuetako bestekoak izaten ari nabarmendu dute. Krisi ekonomikoa eta Arrain Azokaren data aurreratu izana aipatu dituzte, besteak beste, arrazoi legez. Produktuei dagokienez, bestalde, eskaintza zabala ipini dute enpresa erakusleek bezeroen eskura: hegaluzea, hegalaburra, antxoa, bakailaoa, itsaskiak… Produktu barritzaileak be aurkeztu zituzten zenbait enpresak, arrain mota ezberdinekin egindako pateak, pizzak, entsaladak edota hostoreak, esate baterako. Salmentak salmenta, bide erdia baino gehiago egina dauka dagoeneko XVII. Arrain Azokak, baina oraindik bada Bermeon zer egin, zertaz gozatu eta zer erosi, gaur eguerdira arte izango baita azoka zabalik. Hasierako orduak 11:00etan hasi zen atzo hamazazpigarren Arrain Azoka, erakustokien eta saltokien irekieragaz. Ohi legez, ordea, ordubete beranduago egin zuten inaugurazio ekitaldi ofiziala. Hiru eguneko egitarauari bide emon zion zintaren mozketan Nieves Teran Arrantza sailburuordeak, Izaskun Bilbao EAJren europarlamentariak eta Espainiako kongresuko EAJren diputatu Josu [...]
Eguraldiak baldintzatuta iritsi da Bermeoko XVII. Arrain Azoka. Atzo, eguraldia lagun, hainbat izan ziren Lameran kokatutako 30 erakustokiak bisitatzen izan zirenak, eta salmentak be onak izan zirela nabarmendu zuten saltzaileek. Gaur, ostera, euripean esnatu da Bermeo eta, ondorioz, goizean zehar bisitariei dagokienez goibel samar egon da Lamera, salmentetan be eragina izanik. Eguerdirako, halanda be, eguraldiak hobera egin du, bisitari kopurua be gehituz.
Saltzaileetako askok, dena den, salmentak ez direla beste urte batzuetako bestekoak izaten ari nabarmendu dute. Krisi ekonomikoa eta Arrain Azokaren data aurreratu izana aipatu dituzte, besteak beste, arrazoi legez.
Produktuei dagokienez, bestalde, eskaintza zabala ipini dute enpresa erakusleek bezeroen eskura: hegaluzea, hegalaburra, antxoa, bakailaoa, itsaskiak… Produktu barritzaileak be aurkeztu zituzten zenbait enpresak, arrain mota ezberdinekin egindako pateak, pizzak, entsaladak edota hostoreak, esate baterako.
Salmentak salmenta, bide erdia baino gehiago egina dauka dagoeneko XVII. Arrain Azokak, baina oraindik bada Bermeon zer egin, zertaz gozatu eta zer erosi, gaur eguerdira arte izango baita azoka zabalik.
Hasierako orduak
11:00etan hasi zen atzo hamazazpigarren Arrain Azoka, erakustokien eta saltokien irekieragaz. Ohi legez, ordea, ordubete beranduago egin zuten inaugurazio ekitaldi ofiziala. Hiru eguneko egitarauari bide emon zion zintaren mozketan Nieves Teran Arrantza sailburuordeak, Izaskun Bilbao EAJren europarlamentariak eta Espainiako kongresuko EAJren diputatu Josu Erkorekak BE parte hartu zuten, Xabier Legarreta alkateagaz batera. Mundakako alkate Unai Rementeria, Jose Maria Kazalis Lekeitioko alkatea eta beste udalerri batzutako ordezkariak be izan ziren ekitaldi horretan.
Hori ez zen izan, ordea, eguneko jarduera garrantzitsu bakarra, 13:30ean Geurien be bai-ren ekitaldia izan baitzen Nestor Basterretxea aretoan. Euskal hizkuntzarekiko agertu duten konpromisoagatik, 96 erakundek jaso dute aurten Bermeoko Udalak urtero Arrain Azokan emoten duen ziurtagiria, euskaraz egiteko indarra emoten duen Kalinpan edari isotonikoa lagun izan zutelarik.
Hegaluze Saria be atzo emon zuten, leku berean. Bermeotarrentzat horren estimatua den aintzatespena Santa Vera Cruz kofradiaren eskuetara joan da aurten. Hala, Aintzane Mujika kofradiako idazkariak, Jesus Revuelta presidenteak eta Luciano Astiazaranek hartu zuten herenegun saria, Xabier Legarreta alkatearen eskutik. Sariagaz aurrera egiteko indarra emon dietela esan zuten Mujikak eta Astiazaranek, berba hartuta. Astiazaranek, hunkituta, gaixo egon arren ezin zuela hitzordura hutsik egin aipatu zuen.
«Herri osoari» emondako saria
Daukan ibilbide luzeagatik eta azken urteetan zailtasunak eta eragozpenak gainditzeko ilusioa eta kemena erakusteagatik erabaki dute Hegaluze Sariko epaimahaikideek aitormen hori Santa Vera Cruz kofradiari emotea. Kofradia osatzen dutenentzat, zalantzarik barik, aurrera egiteko bultzada izango da saria, baina, haien esanetan, ez da eurei egiten zaien aitorpena, «herri osoarena» baita sari hori, kofradiak aurrera egin dezan laguntzen hainbat herritarren eta merkatariren ekarpena izaten baitute.
Jesus Revuelta presidenteak, Santiago Layuno presidenteordeak eta Aintzane Mujika idazkariak azaldu dutenez, pozarren hartu dute saria, azken hiru urteetan hautagaien artean egon baitira. «Egia esan, harritu be egin gaitu pixka bat, azken urteetan norbanakoak eta entitateak saritu baitituzte gehiago. Esperantza, halanda be, galdu barik geneukan», diote. Alabaina, saria lortu ezean be pozik leudekeela diote, beste herritar batek jasoko lukeelako.
Ohitura mantentzeko egiten duten beharra nabarmendu dute Revueltak, Layunok eta Mujikak, saria hartzeko arrazoi legez. Behar hori, gainera, mendeetan zehar luzatu da, 1550ean sortuta, «Bizkaiko kofradiarik zaharrena» baita Bermeokoa. Saria merezi edo ez, ordea, herriak berak esan behar duela deritzote. Euren nahi bakarra herriak «urtean zehar zelako beharra» egiten duten jakin dezan da, kofradiak ez dezan behera egin». Gauza bat, behintzat, argi daukate: izan zezaketen aintzatespen garrantzitsuena dela Hegaluze Saria, «herriak berak emoten duelako». Bermeotarrentzat «zineman Oscar saria irabaztea bezalakoa» baita Hegaluze Saria.
Zaindu beharreko altxorra
Bermeok pausoei dagokienean «altxor handia» daukala azaldu dute Santa Vera Cruz kofradiakoek, «zaindu beharrekoa», eta horiek mantentzeko bidean saria baliagarri izango zaiela uste dute. «Kofradiara beste pertsona batzuk etor daitezen lagun dezake, eta hori da eskatu gura duguna, ez garelako talde zarratua».
Izan be, Santa Vera Cruzeko kideek egiten duten beharra ez da Aste Santuko prozesioetara mugatzen. Pausoak zaharbarritu, konpondu, margotu… urtean zehar be lan handia daukate egiteko. «Apurka-apurka egiten ari gara hori guztia. Aurten, esaterako, idulki bi aldatu ditugu, pisutsuegiak zirelako. Aluminiozko idulkiak jarrita, 150 kilo kendu dizkiegu pausoei». Hurrengo erronka, ostera, Veronicak konpontzea eta 2012ko prozesioan ateratzea da, aurten ezin izan baitute horrelakorik egin.
Horrek guztiak, baina, gastu ekonomikoa be badakar eta, zailtasunei aurre eginez, kideen urteko kuotagaz, Udalak emoten duen diru laguntzagaz eta herritarrek eta merkatariek egindako ekarpenekin egin du orain arte aurrera Santa Vera Cruz konpainiak. Hala, herritarrak batuta, Aste Santuan 11 pauso atera ohi dituzte, «egon gehiago dauden arren».
Beharrak behar, ordea, herritik kanpo oihartzun txikia izaten dute Bermeoko prozesioek. «Balmasedakoa, Durangokoa… entzutetsuagoak izaten dira, baina, hemengoa ez bezala, haiek prozesio bizidunak dira. Bermeon pausoak ateratzen ditugu eta, gainera, ez da edozelako prozesioa izaten, ordu eta erdiz ibiltzen baikara kalerik kale», diote. Halaber, herritik nahiz herritik kanpo Bermeoko pausoak «oso estimatuak» direla azaldu dute; «baita Andaluzian be».
Kofradiako kideek esan dutenez, «sari honek hemen gaudela adierazteko balioko du», Bermeo prozesio garrantzitsuenen mapan kokatzeko.