PSE: «Ez dugu utziko Urdaibaik EAJren urduritasuna ordain dezala»
Bigarren Guggenheim museo bat Urdaibain eraikitzea ateralditzat jo du Jose Antonio Pastor Bizkaiko Ahaldun Nagusirako PSEko hautagaiak, asteburuan Sukarrietara egindako bisitan. Busturialderako dituzten proposamenak aurkezteko ekitaldian esan zuenez, «ez dugu utziko Urdaibaik EAJren urduritasuna ordain dezala», museoa ez eraikitzeko erabakiagaz irmo jarraitzen dutela nabarmenduz.
Haren esanetan, bigarren Guggenheim museoa Urdaibain eraikitzea, izango lituzkeen bisitariengatik, «erasoa» izango litzateke Biosfera Erreserbarentzat. «133 milioi euro xahutzea» litzateke, halaber, bere iritziz. «Are gehiago krisi sasoian gaudenean». Jose Luis Bilbao Ahaldun Nagusiak diru publikoa nahi erara darabilela be esan zuen Pastorrek. «Xahubidea baita 120.000 euro ordaintzea Bastidaren eraikina kosten legera egokitzea posible den ikusteko ikerketa egitea, gisa horretako azterketak eginda daudenean».
Bestalde, azken urteetan Busturialdeak daukan enplegu arazoaren erantzule EAJ dela esan zuen Pastorrek, diputazioak ingurua «abandonatuta» izan duela aipatuz. EAJri hondartzen eta kostaldearen erabilera masiboa baino ez zaio interesatzen, eraikuntza sustatuz. Horren ondorioz, sare industrial ahula daukagu hemen, mikropymeez osatutakoa».
Arrantzaren egoera be izan zuen hizpide PSEko kideak, flota txikitzen ari dela nabarmenduz. Hala, Eusko Jaurlaritzak eskualderako garatutako plana defendatu zuen Pastorrek. «Urdaibaitik Urdaibairako egindako plana da».
Hari beretik, Udalagaz elkarlanean Astrako lurzoru industriala eta mahai tresneriak ekoizteko enpresak eta Muxikako industriagunea sustatzearen alde agertu zen Pastor eta Bizkaiko Aldundiak bide bera hartu dezan eskatu zuen. Egin beharreko jardueren artean, energia berriztagarrietan oinarritutako Lanbide Heziketa zentroa, Bermeoko portuaren hobekuntza eta ordenazioa eta Ekodiseinu Institutua aipatu zituen. «Enpleguan, ekonomian eta turismoan eragina izango duten gauza konkretuetan ari gara beharrean. Eskualdearen garapenerako planerako 132 milioi euroko inbertsioa egin beharko du Eusko Jaurlaritzak, eta Biosfera Erreserbaren biodibertsitatea mantenduz burutuko da».