Europara “hurreratzeko” aukera izan dute gaur Barrutiako ikasleek
Europaren Eguna ospatu dute gaur Barrutia Herri Ikastetxean. Eusko Jaurlaritzako Itsasmendikoi Zerbitzuaren laguntzagaz, hainbat jarduera izan dituzte eskolan. Hainbat ekitaldi egin dituzte goiz osoan zehar, eta guztiak Europara “hurbiltzeko̶...
Europaren Eguna ospatu dute gaur Barrutia Herri Ikastetxean. Eusko Jaurlaritzako Itsasmendikoi Zerbitzuaren laguntzagaz, hainbat jarduera izan dituzte eskolan. Hainbat ekitaldi egin dituzte goiz osoan zehar, eta guztiak Europara “hurbiltzeko” aukera emon die ikasleei, herri ikastetxeko zuzendari Begoña Diaz de La Torrek azaldu duenez: “Ikasleek oso ondo hartu dute Europaren Eguna aurten gure eskolan ospatzearena, eta inplikazioa erabatekoa izan da”. Europaren kontzeptua barneratzeko be balio izan diela uste du zuzendariak.
Aurreko aste osoa emon dute gaurko eguna prestatzen, marrazki lehiaketa batez ere. “Aste Santuko oporren bezperan jakinarazi ziguten aurten Europaren Eguna ospatzeko Barrutia ikastetxea aukeratu dutela”.
Lehiaketaren sariak banatzeaz gain, jolasak izan dituzte gaurkoan umeek, baita Europarekin zerikusia izan duten bi pelikula ikusteko aukera be; Lehen Hezkuntzakoek bata eta Haur Hezkuntzakoek bestea.Itsasmendikoik ekarri duen autobusa be erabilgarri izan da ikasleentzako, Europa lantzen duten jolas interaktiboekin.
Landa eta Itsasertze eremuan lan egiten du Itsasmendikoi Europa Direct Zerbitzuak, eta Europaren Eguna ospatzen dute urtero. Barrutia ikastetxea aukeratu dute aurten horretarako, “ikasleen artean Europar batasunaren eta bere baloreen ezagutza bultzatzeko”. Seigarren urtez antolatu dute egun hori, eta Arratzuko herri ikastetxean izan aurretik Gaubeako, Berastegiko, Mallabiako, Araiako eta Zegamako ikastetxeetan ospatu dute Europaren Eguna.