Abiñako auzokideak “pozik” daude Sukarrietako udalekua kultur ondare izendatu dutelako
Ricardo Bastida arkitektoak 1925ean Sukarrietan altxa zuen eraikin multzoa babesturiko kultur ondare izendatzea erabaki du Eusko Jaurlaritzak. Erabakia martxoaren 28an hartu zuten, udalekuaren eremu guztia kultur ondare bezala sailkatuz. Hain zuzen be, monumentu multzoaren kategoria emon diote. Ildo horretatik, eraikin nagusia bebesteaz gain, zaintzailearen etxebizitza, zuzendariaren etxebizitza, kirol azpiegiturak eta ortuak be, babestu dituzte. Jon Martinez Abiñako Auzokideen Elkarteko lehendakariak jakinarazi duenez, “oso pozik gaude Jaurlaritzak zonaldea babestu duelako”. Davidek Goliat menperatu duela azpimarratu du eta udalekuekin zein bertan dauden eraikinen presentziagaz “gozatzen” jarraitzeko aukera izango dutela argudiatu du. Izan be, lehendakariaren esanetan, “udalekuak oso onuragarriak dira guztiontzat”. Martinezek argitu duenez, “erabakiak ez du atzera bueltarik epe laburrera zein ertainera”. Bizkaiko Foru Aldundiak erabakiari helegitea jarriz gero, administrazioarekiko auzi errekurtsoaren bidea hartu beharko luke. Aldundiak hilabete biko epea izango du Euskal Autonomi Erkidegoko (EAE) Auzitegi Nagusian Errekurtsoa jartzeko, baina “urteetako atzerapen luzea izango litzateke, Guggenheim museoa eskualdean eraikitzeko asmoagaz jarraituz gero”. Horrela, Urdaibaiko Guggenheim “auziaren amaiera” izan daitekeela azpimarratu du auzo elkarteko lehendakariak. Espekulazioaren gainetik, “herritarren ongizatea” bermatu delako daude pozik Abiñatarrak. Bizkaiak eta Euskal Herri osoak, zonalde horregaz gozatzen jarraitzeko aukera izango duela dio Martinezek, “erabaki onuragarria” dela gaineratuz. Zenbait arrazoi Abiñako Auzokideen Elkarteko lehendakariarentzat, “arrazoi sendoak” daude Sukarrietako [...]
Ricardo Bastida arkitektoak 1925ean Sukarrietan altxa zuen eraikin multzoa babesturiko kultur ondare izendatzea erabaki du Eusko Jaurlaritzak. Erabakia martxoaren 28an hartu zuten, udalekuaren eremu guztia kultur ondare bezala sailkatuz. Hain zuzen be, monumentu multzoaren kategoria emon diote. Ildo horretatik, eraikin nagusia bebesteaz gain, zaintzailearen etxebizitza, zuzendariaren etxebizitza, kirol azpiegiturak eta ortuak be, babestu dituzte.
Jon Martinez Abiñako Auzokideen Elkarteko lehendakariak jakinarazi duenez, “oso pozik gaude Jaurlaritzak zonaldea babestu duelako”. Davidek Goliat menperatu duela azpimarratu du eta udalekuekin zein bertan dauden eraikinen presentziagaz “gozatzen” jarraitzeko aukera izango dutela argudiatu du. Izan be, lehendakariaren esanetan, “udalekuak oso onuragarriak dira guztiontzat”.
Martinezek argitu duenez, “erabakiak ez du atzera bueltarik epe laburrera zein ertainera”. Bizkaiko Foru Aldundiak erabakiari helegitea jarriz gero, administrazioarekiko auzi errekurtsoaren bidea hartu beharko luke. Aldundiak hilabete biko epea izango du Euskal Autonomi Erkidegoko (EAE) Auzitegi Nagusian Errekurtsoa jartzeko, baina “urteetako atzerapen luzea izango litzateke, Guggenheim museoa eskualdean eraikitzeko asmoagaz jarraituz gero”.
Horrela, Urdaibaiko Guggenheim “auziaren amaiera” izan daitekeela azpimarratu du auzo elkarteko lehendakariak. Espekulazioaren gainetik, “herritarren ongizatea” bermatu delako daude pozik Abiñatarrak. Bizkaiak eta Euskal Herri osoak, zonalde horregaz gozatzen jarraitzeko aukera izango duela dio Martinezek, “erabaki onuragarria” dela gaineratuz.
Zenbait arrazoi
Abiñako Auzokideen Elkarteko lehendakariarentzat, “arrazoi sendoak” daude Sukarrietako “”udalekua babesteko”. Alde batetik, bertan dauden eraikinak “ondare historikoa” dira Martinezen hitzetan. Sukarrietako udalekua iraganaren lekukoa da eta “eskualdeko historiaren zati bat da”.
Martinezek udalekuaren bitartez egiten den gizarte eta hezkuntza lana be goraipatu du. Azaldu duenez, “75 urte baino gehiago daramatzate umeekin lanean eta galera handia izango litzateke udalekua desagertzea”.
Onura ukigarria izan ez arren, bestalde, udalekuak herriari bizitasuna emoten diola uste du lehendakariak. Bere esanetan, “umeek alaitasuna ekartzen dute eta herritik gazteak ibiltzea oso aberasgarria da”.
Amaitzeko, Bastidaren eraikina Urdaibain kokatuta dagoela gogoratu du auzo elkarteko lehendakariak. Dioenez, “Urdaibai Biosfera Erretserba da eta ezin daiteke ulertu Aldundiak bultzatu gura zuen azpiegitura bertan ezartzea”.
Abiñako biztanleak, “pozik” daude Jaurlaritzak hartu duen erabakiagaz, baina Ahaldun Nagusiaren eta Sukarrietako alkatearen jarrera kritikatu dute.
Martinezek salatu duenez, “Jose Luis Bilbao ahaldunak eta Peru Saiz Sukarrietako alkateak, publikoki adierazi zuten eraikina botatzeko prest daudela, horretarako beharrizana egotekotan”.
«Ez orain, ezta etorkizunean»
Jaurlaritzak iazko maiatzean hasi zuen Bastidaren eraikina zein inguruko eremu osoa babesteko prozedura eta abuztuan helegiteak aurkeztu zituen Aldundiak. Halanda be, ez zituzten onartu eta azkenean, Abiñako auzo elkarteak, Iñaki Uruarte arkitektoak eta PPk eremua babesteko egin zituzten eskaerak onartu ditu kultura sailak.
EAEko Justizia Auzitegiak Jaurlaritzaren erabakia atzera bota ezean, Aldundiak ezingo du Sukarrietako eta Busturiko lurretan Guggenheim museo berria eraiki. “Ez orain, ezta etorkizunean be”.