Martitzenean onartuko du Bizkaiko Foru Aldundiaren Gobernu Batzordeak Autzaganeko tunelak egiteko obren deialdia. Hala jakinarazi du gaur Jose Luis Bilbao Ahaldun Nagusiak, Gernika-Lumon ospatzzen ari diren Busturialdeko Alderditar Egunean. Merkatu plazan eman duen mitinean azaldu duenez, gainera, Bermeoko saihesbideko eta Sollubeko tuneleko obrak egiteko deialdia ere datozen asteetan onartuko du Aldundiak.
Eskualdeari begirako proiektuak
Busturialderako hainbat proiektu dituztela azaldu du Ahaldun Nagusiak, eta eskualdeak “lana eta lanpostuak sortu eta eskaini behar” dituela esan du. Inamaren egoera izan du hizpide, eta fabrika horrek sortzen dituen 160 lanpostu zuzenak “desagertu ezin” daitezkeela esan du Bilbaok. “Etorkizunari” begiratu behar zaiola aipatu du, “eta industriarako azpiegiturak” sortu behar direla. “Horregatik, garrantzitsua da Mendatan eraiki behar den enpresa-parke berria. Eskualde honetarako enplegua han sortuko delako datozen urteetan”.
Gautegiz Arteagako Elaia Bird Center be izan du hizpide: “Ez da txoriak behatzeko tokia bakarrik izango, ikerketarako zentroa izango da, nazioartean erreferentzialtasuna lortuko duena”. Busturiko Lurren Bankuari be garrantzia eman dio Jose Luis Bilbaok. “Nekazaritzan edo abeltzaintzan hasi gura duten gazteak laguntzeko”.
Guggenheim-Urdaibai
Bizkaiko Foru Aldundiak Sukarrietan eraiki gura duen Guggenheim-Urdaibai museoaz be aritu da jeltzalea, eta proiektua oztopatzea leporatu dio Patxi Lopezen gobernuari. “Urdaibaiko ekonomia berpizteko plana aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzak. Prentsaurrekoa eman zuen hori aurkezteko, eta besterik ez dakigu”.
Markina-Ondarroa-Urberuaga-Berriatua errepidea egiteko obren deialdia be onartuko dute
Era berean, Markina-Ondarroa-Urberuaga-Berriatua errepidea egiteko obren deialdia ere martitzenean onartuko du Bizkaiko Foru Aldundiaren Gobernu Batzordeak, Jose Luis Bilbaok aipatu duenez.