Itsaspeko soinuak entzuteko aukera emongo dute Madariaga Dorretxeak, AMBARek eta Hegaluze enpresak
Euskadiko Biodibertsitate Zentroak, AMBAR Itsas Faunaren Kontserbaziorako eta Ikerketarako Elkarteak eta Hegaluze nautika enpresak Zetazeoak 10etan izeneko kanpaina jarri dute martxan, elkarlanean. «Itsas ugaztunen kontserbazioaren garrantziaz kontzie...
Euskadiko Biodibertsitate Zentroak, AMBAR Itsas Faunaren Kontserbaziorako eta Ikerketarako Elkarteak eta Hegaluze nautika enpresak Zetazeoak 10etan izeneko kanpaina jarri dute martxan, elkarlanean. «Itsas ugaztunen kontserbazioaren garrantziaz kontzientziatzea» helburu duen kanpaina horri esker, bertatik bertara behatu ahal izango dira gure kostaldean dabiltzan zetazeoak. Gainera, irteeretan erabiliko dute hidrofono baten bitartez, itsaspeko soinuak entzuteko aukera be izango dute parte-hartzaileek.
Domekero egingo dituzte AMBAR elkarteko kideen azalpenez jantzitako irteerak, domekatik urrira bitartean, 10:00etatik 14:00etara. «Gure kostaldeko itsas faunaren aberastasuna» ezagutzeaz gain, hidrofonoaren bitartez itsaspeko soinuak batu, audio seinale bihurtu eta datu neurgarrietan konfiguratuko dituzte, parte-hartzaileen gozamenerako. Hori bai, zehaztu dutenez, Erret Dekretu batek dioenari jarraiki, zetazeoak ez gogaitzeko, nekarazteko edo kaltetzeko jokabiderik ez da onartuko.
7 urtetik gorakoei zuzendutako irteera horietan parte hartzeko aurretiaz emon behar da izena, 94-687 04 02 telefono zenbakira deituta. Apirilaren 30ean jende gehiagorentzako lekua egongo dela azaldu dute, 60 lagunentzako edukiera duen Hegaluze Barria itsasontzia uretaratuko baitute egun horretan.