“Sustoa pasatuta, ondo” daude Indiako Ozeanoan hondoratutako ontziko arrantzaleak
Albacora enpresatik baieztatu dutenez, domeka goizaldean Indiako Ozeanoan hondoratu zen Iria Flavia ontzi laguntzaileko tripulazioa onik dago, «sustoa pasatu ondoren». 11 pertsonak osatzen zuten Bermeoko ontziko tripulazioa, eta horietako «lau ingur...
Albacora enpresatik baieztatu dutenez, domeka goizaldean Indiako Ozeanoan hondoratu zen Iria Flavia ontzi laguntzaileko tripulazioa onik dago, «sustoa pasatu ondoren». 11 pertsonak osatzen zuten Bermeoko ontziko tripulazioa, eta horietako «lau inguru» bermeotarrak direla zehaztu dute armadore enpresatik.
03:30 aldera jazo zen istripua, Seychelleetako bandera zeraman Bermeoko ontzia Komoreetatik hurbil zegoela, Madagaskartik gertu. Antza denez, kroskoa zulatuta zeukan Iria Flavia-k eta ponpa ez zen gai izan barrura sartzen ari zen ura kanporatzeko, zirkuitu elektrikoak be azkenean kaltetuz.
Enpresa bereko Ortube Berria ontzia hamabost milia ingurura zegoenez, Iria Flavia zegoen lekura joan zen berehala. Atunontzi-izozkailua ontzi laguntzaile hondoratu zen lekura iritsi zenerako salbamendu-txalupetan zegoen tripulazioa. 11 arrantzaleak Madagaskarko Diego Suarez portura eroan zituen ondoren Ortube Berria-k.
Albacorako arduradunen esanetan, oraindik Madagaskarren daude arrantzaleak. Etxeratzeko hegaldia noiz izango duten zehazteko zain daudela adierazi zuten atzo Bermeoko enpresako kideek.
Tripulazioko kideen artean galiziar bat be bazegoen eta, hark berri agentzia bati esandakoaren arabera, urtarrilean izan zituen Iria Flavia-k azterketa teknikoak eta arazo barik gainditu zituen. 1965. urtekoa da ontzia.