Gernika KESB taldeko arduradunak “poz-pozik” daude azkenaldian. Lehenengo nazional mailan jokatzen duen seniorren taldeauste baino denboraldi onagoa egiten dabil, eta “ametsetan” hasi dira. Denboraldia lehenengo bi postuetan bukatuz gero, saskibaloiaren bigarren mailan jokatzeko sailkapen fasean izango dira gernikarrak. Mario Lopez kirol zuzendariak ohartarazi duenez, “oraindik hamar partida falta dira denboraldia bukatzeko, eta lan asko egin beharko dugu”. Taldeak uste baino helburu garrantzitsuagoak ditu begipuntuan, baina amets egiteko aukera irabazi dute. Sailkapen fase horretan izateko bidean, partida garrantzitsua izango dute domekan. 18:00etatik aurrera, Las Gaunas (Logroño, Espainia) liderraren aurka jokatu beharko dute Malosten. Partida irabaziz gero, liderraren parean jarriko dira barriro. Izan be, iragan asteko partida galdu arte, berdinketa zegoen sailkapen nagusiaren lehenengo postuan. Lopezen hitzetan, “partida garrantzitsua izango da”. Garaipena lortzen badute, sailkapen fasean izateko aukera asko dituztela uste du. Ez da erraza izango halan eta be. «Las Gaunas igoera lortzeko prestatu duten taldea da, eta guk bertoko jokalariak baino ez ditugu erabiltzen» argudiatzen du kirol zuzendariak. Lopezek partida “lehiatua eta orekatua” izango dela uste du. “Gogotsu” daudela dio, eta «partida ona» egiteko gai ikusten ditu neskak. Denboraldi guztian bezala jokatzen badute, “irabazteko” aukerak dituztela nabarmendu du. Ildo horretatik, domekako partidan zaleen babesa izatea “ezinbesteko” ikusten dute taldekideek. Alberto Gonzalez [...]