Umeen liburutegia Pesealekura eroateko proposamena aztertzen jarraituko dute
Udalbatzak ez du bozkatu ume eta gazteen udal liburutegia Pasealekura eroateko proposamena. Bide horretan pausoak emateko eginbeharrak proposatu zituzten atzoko osoko bilkuran, Kultura zinegotzi Ekain Ormaetxeak azaldutako mozioan, baina zenbait zalantza argitu arte gaia “mahai gainean” uzteko eskatu zuen Eusko Alderdi Jeltzaleak. Besteak beste, Txiki Parkean Udalak egindako inbertsioa amortizatu den, zaharren egoitzak emandako metro koadroekin zer gertatuko den eta eraikina segurua den jakin gura du EAJk. Liburutegi berriaren poposamenaren alde agertu ziren Ezker Abertzalea udal taldea eta Aralar zalantzak argitzearekiko adostasuna erakutsi zuten, baina bitartean Txiki Parkeari kontratua ez luzatzea eskatu zuen Oramaetxeak; bestela prozesua oraindik gehiago atzeratuko litzatekeelako. Liburutegia Pasealekura eroateko xedea 2007. urtean agertu zuen Udalak, eta lau urtez luzatu da dagoeneko. Liburutegia Astrako lurretan Eusko Alkartasuna, bere aldetik, liburutegi berria Astrako lurretan kokatzea egoki litzatekeela azaldu zuen. Begoña Landa alkateordeak esan zuenez, “Astraren proiektua be egiteko dago, eta bertan sormen lantegia eraikiko da”. Beraz, udal liburutegia bertan eraiki daitekeen aztertzearen alde agertu zen alderdi hori. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailari lagapena egina dio Udalak, Pasealekuko eskolak erabiltzeko, eta gaur egun Berritzegunea dago bertan. Liburutegia eskoletara eroanez gero, Berritzeguneari beste kokaleku bat eskaini beharko litzaiokeela azaldu zuten EAJk eta EAk, baina erabiltzeko moduko eraikin publikorik ez dagoela. Ekain [...]
Udalbatzak ez du bozkatu ume eta gazteen udal liburutegia Pasealekura eroateko proposamena. Bide horretan pausoak emateko eginbeharrak proposatu zituzten atzoko osoko bilkuran, Kultura zinegotzi Ekain Ormaetxeak azaldutako mozioan, baina zenbait zalantza argitu arte gaia “mahai gainean” uzteko eskatu zuen Eusko Alderdi Jeltzaleak. Besteak beste, Txiki Parkean Udalak egindako inbertsioa amortizatu den, zaharren egoitzak emandako metro koadroekin zer gertatuko den eta eraikina segurua den jakin gura du EAJk.
Liburutegi berriaren poposamenaren alde agertu ziren Ezker Abertzalea udal taldea eta Aralar zalantzak argitzearekiko adostasuna erakutsi zuten, baina bitartean Txiki Parkeari kontratua ez luzatzea eskatu zuen Oramaetxeak; bestela prozesua oraindik gehiago atzeratuko litzatekeelako. Liburutegia Pasealekura eroateko xedea 2007. urtean agertu zuen Udalak, eta lau urtez luzatu da dagoeneko.
Liburutegia Astrako lurretan
Eusko Alkartasuna, bere aldetik, liburutegi berria Astrako lurretan kokatzea egoki litzatekeela azaldu zuen. Begoña Landa alkateordeak esan zuenez, “Astraren proiektua be egiteko dago, eta bertan sormen lantegia eraikiko da”. Beraz, udal liburutegia bertan eraiki daitekeen aztertzearen alde agertu zen alderdi hori.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailari lagapena egina dio Udalak, Pasealekuko eskolak erabiltzeko, eta gaur egun Berritzegunea dago bertan. Liburutegia eskoletara eroanez gero, Berritzeguneari beste kokaleku bat eskaini beharko litzaiokeela azaldu zuten EAJk eta EAk, baina erabiltzeko moduko eraikin publikorik ez dagoela. Ekain Ormaetxea Kultura zinegotziak gogoratu zuenez, Berritzeguneak legez ez du zertan udal jabetzako eraikin batera joan. “Hezkuntza sailari hainbat proposamen egin dizkiogu arazoa konpontzeko”.
Herritarren eta kultur zein hezkuntza eragileen babesa
Kultur etxeko eta liburutegiko langileen ekimenez Kultura Batzordeak bere egin duen proposamen horrek atxikimendu ugari izan ditu herrian. Hala, hainbat herritarrek sinatu dute proposamenaren alde, baita kultur eta hezkuntza arloko eragileek eta ikastetxeek. Gaur egungo liburutegia “txiki” geratu dela iritzita, espazio handiagoa behar duela argi dute langileek. Pasealekura eroanez gero, umeentzako liburutegiak metro koadroak irabaziko lituzkeela diote proposamenaren bultzatzaileek, eta hiru espazio bereiztuko lituzkete bertan: Txiki-liburutegia (0-5 urte bitartekoentzako); haur-liburutegia (6-12 urte bitartekoentzako) eta gazte-liburutegia (13-17 urte bitartekoentzako). Hala, liburutegia ez ezik, ludoteka edota mediateka be hartuko lituzke Pasealekuko azpiegitura berriak.
Hori guztia gaur egun Txiki Parkea dagoen tokian garatzea proposatzen dute. «Gu ez gaude Txiki Parkearen aurka», baina Udalaren jabetzakoa den lokala erabilera publikorako izan beharko litzatekeela uste dute; are gehiago «leku horren beharrizana» dagoenean.
Gainera, liburutegia Pasealekuko eskoletara eroateko “lehenenego pausoa” litzatekeela uste dute ekimenaren bultzatzaileek, eta erdigunean izanez, kokaleku “ezinhobea” dela diote.