Bizkaiko konpostagailurik handiena du egun Allende Salazar ikastetxeak, eta horren barri eman dute gaur eguerdian. Jantokian bazkaltzen duten umeek sortzen duten materia organikoa prozesatzeko gai da makina hori, 39.000 litro urtean. Hala, 9.285 litro konpost sortuko ditzake, eta CO2 isuria 20.428 kilogramotan murriztuko litzateke. Hilabete eta erdi daramatza makinak martxan, eta ikasleak dagoeneko kontzientzia hartuta daudela azaldu du ikastetxe horretan Agenda 21 garatzearen arduraduna den Goizalde Berasaluzek. Birziklatzearen garrantziaz jabetzeko balio baitu ikastetxean konposta egiteak. Ingurumen zinegotzi Aloña Arronategik be birziklapena eta heziketa izan ditu hizpide: «Proiektu hau oso garrantzitsua da, balio pedagogikoa izateaz gain, etorkizunerako bidea be badelako. Gu geu arduratzen garelako guk geuk sortzen ditugun hondakinekin». «Zaborrik ez» Hala, ikastetxeetan zotzen den zabor organiko guztia birziklatuko dute. «Zaborrik ez sortzea lortuko dugu horrela», eta hori ingurumenarentzat oso garrantzitsua dela azpimarratu du konpost teknikari Kepa Urionabarrenetxeak. Ikastetxeetan dauden konpostagailu ezberdinen azalpena be eman zuen teknikariak, eta denen esfortzua eskertu: «Makinaren ezaugarriak kontuan hartuta, ikastetxe bakoitzak bere erritmora sortuko du konposta. Halanda be, zeregin horretan aurrera egitea da garrantzitsuena». Sortzen den materia barriari erabilera ematea da orain Udalaren kezka. «Ikastetxeekin adostu beharko dugu sortzen duten konposta hori nora bideratu, eskualdeko lorategiekin akordioak egin ditzakegu, esate baterako. Aukerak aztertu beharko ditugu. [...]
Udalbatzak ez du bozkatu ume eta gazteen udal liburutegia Pasealekura eroateko proposamena. Bide horretan pausoak emateko eginbeharrak proposatu zituzten atzoko osoko bilkuran, Kultura zinegotzi Ekain Ormaetxeak azaldutako mozioan, baina zenbait zalantza argitu arte gaia “mahai gainean” uzteko eskatu zuen Eusko Alderdi Jeltzaleak. Besteak beste, Txiki Parkean Udalak egindako inbertsioa amortizatu den, zaharren egoitzak emandako metro koadroekin zer gertatuko den eta eraikina segurua den jakin gura du EAJk. Liburutegi berriaren poposamenaren alde agertu ziren Ezker Abertzalea udal taldea eta Aralar zalantzak argitzearekiko adostasuna erakutsi zuten, baina bitartean Txiki Parkeari kontratua ez luzatzea eskatu zuen Oramaetxeak; bestela prozesua oraindik gehiago atzeratuko litzatekeelako. Liburutegia Pasealekura eroateko xedea 2007. urtean agertu zuen Udalak, eta lau urtez luzatu da dagoeneko. Liburutegia Astrako lurretan Eusko Alkartasuna, bere aldetik, liburutegi berria Astrako lurretan kokatzea egoki litzatekeela azaldu zuen. Begoña Landa alkateordeak esan zuenez, “Astraren proiektua be egiteko dago, eta bertan sormen lantegia eraikiko da”. Beraz, udal liburutegia bertan eraiki daitekeen aztertzearen alde agertu zen alderdi hori. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailari lagapena egina dio Udalak, Pasealekuko eskolak erabiltzeko, eta gaur egun Berritzegunea dago bertan. Liburutegia eskoletara eroanez gero, Berritzeguneari beste kokaleku bat eskaini beharko litzaiokeela azaldu zuten EAJk eta EAk, baina erabiltzeko moduko eraikin publikorik ez dagoela. Ekain [...]
Sei lanpostu, eta bi pediatra jabedun. Busturialdeko errealitatea bat dator Euskal Autonomia Erkidegokoagaz. Euskal Herriko Pediatren Elkartearen esanetan, egoki dena baino %10-20 pediatra gutxiago daude gaur egun. Busturialdean pediatrentzako sei lanpostu daude, baina gaur egun lau baino ez dira eskualdean lanean ari diren pediatrak. Horietatik, gainera, bi baino ez dira plazaren jabe. Beste biak behin-behineko lanpostua ari dira betetzen. Sei lanpostu horietatik beste bi familia medikuek betetzen dituzte. Hiru pediatra lanpostu daude Gernika-Lumoko osasun zentroan. Gaur egun hiru horietan pediatrak ari dira lanean, «baina horitatik bakarra baino ez da plazaren jabe. Beste biak behin-behineko lanpostua ari dira betetzen», Gernika-Lumoko pediatra Txabi Txakartegik azaldu legez. Hori horrela dela azaldu eta behin-behineko plaza horiek hurrengo EPEan (Enplegu Publikorako Eskaintza) bete gura dituztela zehaztu du Osakidetzak. Kupoa, berez handiagoa Eskualdean plaza jabedun beste pediatra herri txikietakoa da. Bermeoko osasun zentroan, barriz, ez dago pediatrarik. «Bi plaza daude, eta bi horietan familia medikuak daude gaur egun». Mediku horiek, gainera, legez zehaztutakoa baino ume gehiago dituzte beraien kupoan. Hamar minutuko kontsulta egokitzat hartu eta pediatrako 800 umeko kupoa onartu zuten duela urte gutxi. Pediatra bakoitzaren kupoa 1.000 umera igo nahi duela jakinarazi du Osakidetzak duela gutxi, baina errealitatetik urrun dagoen proposamena da hori. Izan be, [...]