Sorterrian ziklo-krosaren jaia eginda agurtuko da David Seco
Hamazazpi urteko ibilbide oparoaren ostean, aurreikusita zuen bezala profesional modura agur esango dio ziklo-krosaren munduari David Seco txirrindulari busturiarrak. Bere azken denboraldia Ispasterko nazioarteko ziklo-krosa jokatuta amaitu bazen be, a...
Hamazazpi urteko ibilbide oparoaren ostean, aurreikusita zuen bezala profesional modura agur esango dio ziklo-krosaren munduari David Seco txirrindulari busturiarrak. Bere azken denboraldia Ispasterko nazioarteko ziklo-krosa jokatuta amaitu bazen be, azken agurra sorterrian bertan egingo du 37 urteko txirrindulariak. Horretarako, hainbeste garaipen ekarri dizkion kirolaren inguruko jaialdia antolatu du hilaren 26rako.
Ciclo Cross Show David Seco lelopean ospatuko da jaialdi hori eta, aurreratu dutenez, txirrindularitzagaz lotutako jarduerak izango dira umeei nahiz helduei zuzenduta. Hala, umeen lasterketak, erlojuz kontrakoak, errelebutako taldekakoak… izango dira hilaren 26an Busturian.
Gaur egun jardunean dauden txirrindulariak be izango dira eskualdean, baita erretiratuta daudenak be. Besteak beste, Igor Astarloa, Roberto Laiseka, Joseba Beloki, Iban Mayo, Pedro Horrillo, David Etxebarria, Mikel Zarrabeitia, Iñigo Landaluze, Iñigo Charreau, Arsenio Gonzalez, Ramontxu Gonzalez Arrieta eta Dani Clavero izango dira Ciclo Cross Show David Seco deritzon jaialdian.