Espainiako Gorteetarako ordezkariak aukeratuko dituzte
gaur herritarrek. Busturialdean, guztira, 36.000 biztanle inguruk dute botoa emateko eskubidea. Goizean, jendearen joan-etorria etengabea izan da hauteslekuetan.
Bego Landak 11:15ean eman du botoa Gernika-Lumoko Pasealekuan.
Bego Landa bermeotarra eta Gernika-Lumoko zinegotzia da EH Bilduren zerrendaburua Senaturako. Ana Hormaetxe, aldiz, Bizkaiko EAJren zerrendan da, Kongresurako. Goizean eman dute botoa biek, Gernika-Lumon, Pasealekuko eskoletan.
Ana Hormaetxek 12:00etan eman du botoa Gernika-Lumoko Pasealekuan.
Parte hartzeak gora egin du goizak aurrera egin ahala. Esaterako, 10:30ean, Sukarrietan, botoa ematera deituta zeuden herritarren %7,79ak zuen emana botoa. Foruan, berriz, parte hartzea %8,74koa zen, 11:00etan.
Eguerdi partean herritarren joan-etorria nabariagoa zen. Gernika-Lumoko Elai Alai aretoko hautesmahaietako batean, %26,98koa zen parte hartzea. Kortezubin, 348 herritar daude boto ematera deituak, eta horietatik 72 bizilagunek (%20,68) eman izan dute botoa eguerdirako. Ibarrangelun eta Elantxoben, parte hartzea handiagoa zen ordu horretarako. Ibarrangelutarren %31,95ek eman du botoa eguerdi parterako, eta Elantxoben %34,63koa izan da parte hartzea 12:35erako.
Bestalde, posta bidezko botoak abenduaren 20ko hauteskundeetan jasotakoak baino gehiago direla nabarmendu dute zenbait herritan. Adibidez, Gernika-Lumoko Elai-Alai aretoko hautesmahaietako batean, posta bidezko hemeretzi boto dituzte gaur, eta abenduan zortzi izan zituzten.