Busturialdeko Hitza

HITZAk Seber Altube ikastolara egin du urteko azkenengo bisita

HITZAko lantaldeak lehenengoz bisitatu du Seber Altube ikastola

seberrekobisita

HITZAko lantaldeak lehenengoz bisitatu du Seber Altube ikastola. DBH 4. mailako bi taldegaz aritu ziren kazetariak kontu kontari bariku goizean.

LEA-ARTIBAI, MUTRIKU ETA BUSTURIALDEKO HITZA gertutik ezagutzeko aukera eduki zuten ikasleek Busturialdeko lantaldeagaz. Barikuko egunkaria eskuetan, bertako gizarte, kirol zein kultur arloko artikuluak errepasatu zituzten. Horrela, eguneko berriak ezagutzeagaz batera, kazetaritzan erabiltzen diren testu tipologia nagusienei buruzko azalpenak emateko aukera izan zuten kazetariek.

Aurreko urteetan ikasitakoa errepasatu zuten; albiste, iritzi artikulu, elkarrizketa edota erreportajeen ezaugarri nagusiak gogora ekarri zituzten ikasleek, eta kazetariek horiek zelan egiten dituzten azaldu zien.

Aurretik bisitatutako beste hezkuntza zentroetan egin modura, Seber Altubeko ikasleekin ere busturialdea.hitza.eus webgunea zein sare sozialak ikusteko tartea ere hartu zuten. Horrela, HITZAkoek lana euskarri desberdinetan zelan jasotzen duten ezagutu zuten. Webgunea atalez atal aztertuz, argazki galeriak eta bideoak ere erakutsi zizkieten. Halaber, sare sozialek duten garrantzia hizpide izan zuten, eta horiek zelan eta zertarako erabiltzen dituzten kontatu zieten.

Saio parte hartzaileak egitea da HITZAren asmoa; Busturialdeko lantaldearen eta ikasleen artean hurbileko harremana izan gura dute. Ume zein gaztetxoen galderak gustura erantzuten dituzte; barikuko bisitan ere hainbat galdera egin zizkieten, eta pozik erantzun zituzten.

Urtarrilean, gehiago

Seber Altube Ikastolara egindako bisita izan da lehenengo hiruhileko honetako azkena. Urtarriletik aurrera ere, ikastetxez ikastetxe ibiliko dira eskualdeko kazetariak. Esaterako, Barrutialdera egingo dute bigarren hiruhileko lehenengo saioa.