Busturialdeko Hitza

Bermeoko Eleizalde Ikastolan kazetaritza lanaz aritu gara

Papereko edizioa arakatu dugu, testu mota eta elementu desberdinak aztertuz, eta webgunea ikusi dugu atalez atal.

Eleizalde

Gaur, Bermeoko Eleizalde Ikastolan egon gara lehenengoz, eta LH 6.mailako ikasleei kazetari lana zelan egiten dugun azaldu diegu.

Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko Hitza egunkaria nola antolatzen dugun, gaiak zelan lantzen ditugun eta gure webgunea nola elikatzen dugun ikusi dugu elkarrekin. Lehenengo, papereko edizioa arakatu dugu, testu mota eta elementu desberdinak aztertuz. Gero, webgunea ikusi dugu atalez atal; baita bertan ikus daitezkeen argazki galeriak eta bideoak ere.

Hitzan gehien lantzen ditugun testu tipologiez aritu gara ikasleekin. Iritziak, albisteak, erreportajeak eta elkarrizketak ikusi ditugu, eta horiek prestatzerakoan dokumentazio lanak duen garrantzia zein den kontatu diegu.

Era berean, berriak zabaltzeko sare sozial bakoitza zelan lantzen dugun esan dugu. Busturialdeko Hitzaren Twitter, Facebook eta Instagram kontuetan gordetzen ditugun argazki eta albisteak ikusi ditugu elkarregaz.

Oso gustora egon gara Eleizaldeko ikasleekin, eta gure azalpenak entzun bitartean hainbat galdera egiteko aukera izan dute.