Busturialdeko Hitza

Albistean sakondu dute Bermeoko ikasleek

Ignacio Arozena-Benito Barrueta institutuan izan ziren atzo Hitzako lankideak, DBH 3. mailako ikasleekin

Kazetaritza testuen artean, albisteari buruz aritu ziren atzo arratsaldean Hitzako lankideak. Bermeoko institutuko DBH 3. mailako ikasleekin bi saio egin zituzten, eta albistearen ezaugarriak landu zituzten denen artean. Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko Hitza egunkaria eskuetan hartuta, albisteak identifikatu eta albiste mota desberdinen arteko desberdintasunak identifikatzeko tartea ere hartu zuten.

Horrez gain, ariketa baten bitartez, albisteek gainontzeko testu motekin dituzten desberdintasunak ikasi zituzten gazteek: objetiboak direla, titularrak informazioa argi eman behar duela, ezin dela iritzia txertatu edota informazioa kontrastatua izan behar dela, besteren artean.

Bermeoko Institutuko ikasleekin albistea lantzen

Bi saio. Arratsaldeko bi orduak eman zituzten HITZAko lankideek Bermeoko ikasleekin, DBHko 3. mailako gela batean lehenengo, eta bestean ondoren. Albisteen ezaugarriak bakarrik ez, Busturialdeko Hitzaren webgunea ere ezagutu zuten ikasleek (www.busturialdea.hitza.eus) baita bertan aurkitu ditzaketen edukiak ere. Hala, multimedia atalean, argazki galeriaak eta bideoak ikusteko aukera ere badutela ezagutu zuten.

Ikasturtea hasi denetik, hainbat ikastetxe bisitatu dituzte HITZAko lankideok, eta kazetaritzari zein eskualdeko euskarazko komunikazio proiektuari buruz jakiteko aukera izan dute hainbat herritako ume eta gazteek.