ZERGAITIK EZIN DA GEHIAGO LUZATU?
Bi arrazoi nagusi galderari erantzuteko: batetik, Etxerat elkarteak adierazita, 2026an 100dik gora euskal preso, 14 iheslari eta 3 deportatu dagoz oraindino. Horreetatik batzuk 70 urtetik gora daukie eta ehuneko handi batek 20 urte baino gehiago egin dauz gatibu honezkero. Bestetik, espetxe politikan aldaketa legalik egon ezean, gatazka politikoaren ondorioen errealidade hau mende erdia betetzera heldu leike. Hori da, gaurko egoera bere horretan mantendu ezkero, azken presoa askatzeko pasau beharko litzakeen denbora.
Zer ondorio dakar egoera horrek? Lehenengo eta behin, presoei salbuespen neurriak aplikatzen jarraitzen jakezala. Adibidez, –eta nahiz eta Europak aldaraztera behartu– 7/2014 espainiar legedia aplikatuz, estatu frantziarrean betetako zigorra kontatu ez, eta estatu espainiarrean zigorra zerotik bete arazteko arriskua dago, urteetan indarrean egon dan tranpa juridikoaren ondorioz. Bigarrenik, ETAk bere jarduna eten ebala 18 urte beteten diran honetan, elkarbizitzari modu integralean oratzeko oztopo handia bihurtzen dala, sufrimenduaren atal batek konpondu barik jarraitzen daualako. Azkenik, orain jaiotzen ari dan belaunaldi barri bat –seme alaben kasuan bakarrik ez, baita loben kasuan be– espetxe eta erbesteari lotuta eta horreek baldintzatuta bizitzera kondenatzen dauala sine die.
Horregaitik, garrantzia berezia dauka urtarrilaren 10ean euskal jendarte anitzaren ahots bateratuak barriro be oihartzun egitea Bilboko kaleetan. Hau da, ahalik eta sektore, norbanako eta eragile gehienen indarra batu eta bakeari, konponbideari eta alkarbizitzari ekarpena egitea.
Egoera hau ezin da gehiago luzatu. Amaitu beharra dago. Ez da beste urte bat; ez da beste manifestazino bat. Sufrimenduaren atea itxi eta konponbidearen leihoa erabat zabaltzeko ezinbesteko urratsa da.