Zentzumenei zentzua ematen
Akordatzen naiz liburuak zabaldu, eta kolore hutsak desberdintzeko gai nintzenean. Amak liburuko orri bat irakurriko genuela zioen gauero, baina soilik forma hutsak ikusteko gai nintzen. Triangeluekin, laukiekin eta era askotako lerroekin osatutako zirriborroek betetzen zituzten liburuak. Amaren ahotik zetorren hitz-jarioa asmakizuna zela uste nuen; baina, ezer ez ulertzetik aparte, marmarra atsegina zen belarrian. Begi-sareak pixkanaka jaisten laguntzen zuen gauero errepikatzen genuen une hark. Urtebetetzeko pastelean kandelak gehitzen joan diren ahala, apurka-apurka zirriborro horiek guztiak letrak zirela ulertu nuen; bakoitzak berezko soinua duela eta hitz horiek guztiek istorio bat sortzen dutela. Ama ez zen magoa, amak ez zuen inolako trikimailurik: aurretik dena asmatuta zegoen.
Begiekin irakurtzen dugu, begiekin begiratzen dugu eta begiekin egiten dugu negar. Norbere izaeraren isla ere izan daitezke batzuetan; esaterako, begi-zuloek lo eta ondoeza erakusten dutenean. Begiradak gurutzatzeko eta beraiekin hitz egiteko aukera ere eskaintzen digute: barrez lehertu eta irribarre egiteko erabiltzen ditugunean kasu.
Amaren hitz-jarioa atsegina zen, belarriek askotariko musika entzuteko aukera ematen digutelako. Esaterako, olatuak kai-muturraren kontra lehertzen, txorien txioak eta inoiz bukatzea nahi ez dugun istorio horren amaiera aditzeko gaitasuna oparitzen digute. Aipatutakoak goxoak dira hurbil, baina, zoritxarrez, oraingoz ez daukagu belarriak automatikoki zarratzeko aukerarik; horregatik, autoestimuaren bateria husten duten hitzak ere entzun behar ditugu. Sarritan berba itsusi haiek irekitzen diete negar-tantei bidea, eskuekin belarriak eztaltzen ez ditugunean behintzat.
Eskuekin kolpe, eskuekin askatu, eskuekin ukitu eta eskuekin sentitu dezakegu. Atzamarrak ere gurutzatu ditzakegu, baita hartu-emana izan ere. Kalanbrea nabaritzean eskua segidan urruntzen dugun modura askatu dezakegu urperatzen gaituen beruna.
Amaren ahotik hitz-jarioa zetorren bezala, norberak du ahotik ihes egiten diguten hitzen kontrola; nahiz eta noizean behin, erreleboa alkoholari pasatzen diogun. Mingaina luzatzeko abilezia du alkoholak. Mihiari haginka egitean konturatzen gara gu geu izateaz soilik arduratzen garen bitartean, zentzumenak lanean dabiltzala, Olentzeroren laguntzaileak urte osoan zehar dabiltzan bezala.