Zedarriak
Zedarria bertikalki eraikitako monolitoa da, leku baten berezitasuna xedatzen duena eta inskripzioak (epigrafia), eskulturak edo behe-erliebeak izan ditzakeena. Zedarritzeak mugak jartzea, mojoiak jartzea esan nahi du. Zedarriak, mugarriak jartzea funtsezko prozesua da, besteak beste, propietate baten mugak fisikoki definitzeko. Legez onartutako egintza bat da, lursail baten mugak behar bezala identifikatzea bermatzen duena, jabetza-gatazkak saihesteko. Honainokoa gauza jakina da, ezaguna. Alabaina, beste «mugarri» batek hartu du protagonismoa azken egunotan bere egitekoa gure etorkizuna zedarritzea delarik.
Kontua da Zedarriak deituriko plataformak publiko egin duela Euskadiren etorkizunaren gainean duen iritizia. Plataforma hori enpresa-, ekonomia-, gizarte-eta akademia arloko eragile garrantzitsuak biltzen dituen foroa da. Lobby sozio-enpresarial horren helburua Euskadin garapen iraunkorra lortzeko kontratu sozial berri bat bultzatzea da. Euskadin defentsaren industria indartzeaz hausnartu beharra dugula adierazi du, «aukera bikaina» litzatekeelako ekonomikoki eta industrialki konpetitiboak izateko. Energia nuklearraz ere gogoeta egitea iradoki digute. Hizkuntzaren kode etiko guztiak zapuztuz, Defentsa deitzen diote erasoari, zapalkuntzari, gerrari. Nortaz edo zertaz defenditu behar dugu, bada? Gerra nahi dute; gerra behar dute. Urik gabe errota ez dabilen legez, arma saltzerik ez dago gerrarik gabe. Beraz, gerra! Gerrak nonahi eta noiznahi sortu beharra dugu negozioa egiteko heriotzarekin. Askoren hondamendia, gutxi batzuen pagotxa. Hau guztia, jakina, modu jasangarrian.
Infamea da Palestinak genozidio inpunea bizi duen honetan, euskaldunok herrien libertateei zedarriak jarri eta hydra ankerra elikatu nahi izatea. Giza zientzien inguruko ikerketa izaerako erakunde edo aditu taldea izateko Think tank honek originaltasun gutxi erakusten du; arriskutik ere gutxi, lukurreriaren burtsan gerrak (parkatu, defentsak) kotizazio segurua bermatzen baitu. Horrenbeste aditu biltzea halako emaitzara heltzeko etsigarria egiten da. Ez al da jakituria zuhurren koroa?
Enpin, galdera-iradokizun batzuk prozesuari laguntzeko. Urdaibaiko gainbehera ekonomikoa iraultzeko alternatiba gisa balia dezakegu? Gernika-Lumon eraiki dezakete arma fabrika «Leopard» ez baizik eta, «Basurde» tankeak fabrikatzeko? Fosforo zuriko bonbak «Poxpolu alai» deituko dituzte? Eta Hiroshimara jaurti zuten «Little boy» bonbari «Mutiko»? Industria jasangarria, bertokoa eta, gainera, «Gernika» zigiluaren garantiarekin. Frogak egiteko aukerak nonahi aurkituko ditugu, ez baitago ezer errezagorik gerra bat sortzea baino. Emozionantea, ezta?