Urak dakarrena, urak daroa
Hala dio Benito Lertxundiren kantak: Urak dakarrena, urak daroa; lurrak emandakoa lurrean geratzen da; eta gu hemen.
Eta gu hemen, baina urak dakarrena barik, ura ekarri “beharrean” egon gara. Euri falta dagoela ezin du inor ukatu, azken aste-hilabeteetan oso euri gutxi bota du eta. Euri gutxi bai, baina ur gabezia zenbaterainokoa den jakitea… hori ez dago nire ezagupenen esku.
Hiru ur ditugu geure baserrian. Alde batetik auzoko ura daukagu. Auzotarrek egindako ur sistema propioa eta oso baserri gutxitan erabiltzen duguna. Ura alturaren presioagatik heltzen da gure baserrietaraino. Ez dago ez bonbarik, ez motorrik, ez inbertsio garestirik. Zeozer izorratzen denean konpondu egiten da eta kitto. Uda osoan ez da ur eskasiarik egon.
Bestetik, baratzeko premiak asetzeko egindako sondaketa daukagu. Bai, gaizki pentsatzen duzuen horientzat, ez da Doñana eta inguru horietarikoa bezala, gurea legala da eta barazkiek soberan dutena berriz lurrera itzultzen da, inolako kutsadura barik. Hemen ere ez dugu ur eskasiarik izan udan zehar.
Hirugarrena eskualdeko etxe gehientsuenetara heltzen dena da,orain Bilbao-Bizkaia delakoaren parte egin dutena. Eta a ze estreno ona, prezioak gora eta ura, zer eta itsasontziz garraiatu behar, Dutch Spirit delakoan, orain ere gaizki pentsatuz gero, Dutxaren Espiritua delako ontzian.
Sekulako inbertsio eta tresneria duen partzuergoa eta zer eta ura falta izan duen hornidura sistema bakarra.
Badakit gu eskualdeko adibide oso-oso txikia besterik ez garela. Gutaz gain, milaka biztanle, ur erabilpen izugarria duten entrepresak eta abar daudela, gure auzoko urarekin ez dugula eskualdeko lehortea konponduko.
Baina zera, urte bat oraindik ez da pasa bai azaroan, bai abenduan, baserritik irten ezinik egongo ginela urak bazter guztiak hartu zituelako, bideak barne. Non ote dago ur guzti hori?
Ez da faltako laster urtegi baten premia edo aldarrikatuko duenik, baina uraren zikloa, gure bizitzaren zikloa ez da urtegi batean hasten, are gutxiago Dutch Spirit horren barrenean.
Gure uraren zikloa zeruan eta, batez ere, gure mendi eta basoetan hasten da. Hauek ez baditugu zaintzen, berriro ere, urak dakarrena, urak eramango du.