Udazken txiki bat etxe aurrean
Kuriosoa benetan kalean basoan baino udazken nabariagoa egotea. Mundua aldrebes, aldrebesten gabiltzalako
Azken egunotako euri jasak amaitu dira idazki hau tekleatzen ari naizen artean, nahiz eta zuk irakurtzen duzunerako, beharbada, berriz euripean egongo garen; zer egingo diogu ba!
Egun pare bat euririk gabe, eta eguzki printzen artean udazken koloreak ikusten hasi naiz. Berdeak marroi, marroixka, gorri, gorrixkei bide eman die. Udazken zertzeladak ikusten ditut. Zertzeladak lientzoa diren mendi magaletan udazken ikutuak besterik ez direlako somatzen. Berdeak nagusi jarraitzen du. Berde iluna eta berde argia, berde pinua eta berde eukaliptoa.
Kuriosoa da, Gernikatik nabilenean, kale artean, geure baserrian baino udazken gehiago dakusat. Kaleetako arbola denak udazkenean sartu dira, eta kolorea aldatzeaz gain, hostoak askatzen ere hasi dira. Mendian aberasgarri da udazkeneko hosto erortzea, hortik sortzen da konposta, humusa, euriaren urari eusten zaio, bizi aniztasuna bermatzen da babes eta jateko bihurtuta.
Kalean, ordez, enbarazu besterik ez du sortzen. Kaleak «zikinago» daude, labankorragoak, euriek hostoak estolderira eraman, eta hauek estali egiten ditu, ura kale eta errepideetatik aldegitea ekidinez.
Kuriosoa. Kuriosoa benetan kalean basoan baino udazken nabariagoa egotea; aberastasuna sortuko lukeen tokian urri, eta enbarazu egiten duen tokian ugari.
Mundua aldrebes.
Mundua aldrebes, aldrebesten gabiltzalako. Hosto erorkorrak beharko luketen tokian, gure lurrari eta urari eusteko gai ez diren arbolak landatzen ditugun gizarte bat gara. Ai, gure lur maitea! Bai, hor dihoana errekan behera Urdaibaiko padurak betez eta oraindik jende gehiena kontziente ez den arazo bilakatuz, ur trukaketa gero eta txikiagoa da eta.
Eta bioaniztasuna ia sortuko ez duen tokian, urik eta lurrik batuko ez duen tokian, polita izanez gero ia edozein arbola ipini daitekeen tokian… hor, hosto erorkorrekoak landatzen ditugu.
Nahiago dugu udazkeneko kolore politak kale batean izatea, inguratzen gaituen mendi magal guztietan baino. Nahiago dugu mendi osoa kaltetuko duen arbola mendian jartzea, kaleetan baino, honek espaloiak altxa eta izorra ditzakeelako.
Bitartean, udazken bete honetan, Gernikako kaleetara joan beharko dut udazkeneko koloreen edertasunaz gozatzeko.