Ubideak
Oporrak igarotzeko modu asko dagoz. Batzuk mendizaleak dira, eta mendira begira antolatzen dituzte euren oporrak. Beste askok itsaso eta hondartza aldera, eguzki bila antolatzen dituzte. Ez dira falta mendi eta hondartzetatik paso egiten dutenak eta nahiago dutenak monumentuak eta toki berriak ezagutzea. Egon ere badira monumentu eta toki ikusgarriak, benetan bisita merezi dutenak. Baina gustuak ez dira horra mugatzen. Badira beste mila era opor egunak igarotzeko.
Zorionez, gutako bakoitzak bere zaletasunak ditu, bere nahiak, lanagatik edo beste edozein arrazoigatik egin ezin dituenak. Nik ezagutu nuen irakasle bat, eta ez da bakarra izango, bere opor egunak liburutegietan pasatzen zituena. Horretarako, Europako hirietako liburutegi garrantzitsuenetara joaten zen.
Irakurle amorratua zen, eta harriduraz kontatzen zuen idazleen artean plagio ugari zegoela. Beste turista asko herri txiroetara joaten dira, eta badirudi batzuek jende behartsu horien bizitza gustuko dutela. Horrela azaldu zen taldeko bikote bat horietako toki baten geundela eta bertako gabeziez hitz egin zuenari erantzunez. Beste aldetik, umorez gainezka zegoen erdaldun batek zera esaten zuen: «Que dura es la vida del turista». Neurri handi baten, arrazoia zuen; sarritan sufritzea tokatzen da hor zehar ibiltzean. Horregatik badira beren herrietan gelditzen direnak, eta inora joateko beharrik sentitzen ez dutenak.
Inoiz entzun izan diegu Espainia aldeko bero handitik iheska geure herrietara etorritakoei galdezka ea daukaguna edukita nola joaten garen toki bero horietara. Dena den, bakoitzak erabakitzen du non eta nola igaro oporrak, bere ahalmenaren eta gogoen arabera. Horietako bat, munduan zehar dauden kanalak ezagutzea da. Milaka urtetan, hegazkinak, trenak eta autoak asmatu aurretik, ur gaineko komunikabideak ziren garrantzitsuenak eta ia bakarrak. Ozeanoak, itsasoak eta ibaiak ziren naturak emandako orduko autopistak. Baina mendeak aurrera, gizakia ibai artifizialak, ubideak egiten hasi zen, ozeanoen eta itsasoen tarteak, distantziak laburtuz.
Munduan ezagunenak Suez kanala eta Panamakoa dira. Batak Mediterraneo itsasoa eta Indikoa lotzen ditu, eta besteak ozeano Atlantikoa eta Barea, Afrika eta Amerika kontinenteei itzulia eman beharrik ez izateko. Europako ibai garrantzitsuenak ubideen bitartez lotuta dagoz. Hasiera batean, denak garraiorako pentsatuz egin ziren.
Gaur egun, baina, batzuk turisten atseginerako erabiltzen dira. Frantziako Kanal du Midi da bat, ozeano Atlantikoa eta Mediterraneo itsasoa lotzen dituena. Toulousetik Mediterraneoko Sete herrira doan tartea, XVII. mendean egindakoa, gaur egun gizadi osoaren ondarea da. Bere ertzak oinez edo bizikletaz eroso ibiltzeko egokituta dagoz, eta neurri guztiko itsasontziak alokatu eta gidatu ahal dira, gidabaimenik gabe. Bere garaian garraiorako erabilitako itsasontzi asko etxebizitza bihurtu dira, eta batzuk turistentzako prestatuta dagoz. Lasaitasuna gogoko dutenentzat eta lursailen gorabeherak gainditzeko ateak nola funtzionatzen duten ikusteko aukera paregabea da. Inguruetan herri politak ere ez dira falta.