Segundo Olaeta
Gernika kultura maite eta bizi duen herria bilakatu dugu. Baten batzuek oholtza gainetik. Gehienok besaulki patiotik. Baina denok norabide beretik.
Euskal folklorearen alde hainbeste egin zuen Segundok, berea nahi izango zuen joan den larunbatean Jai Alai frontoian bizi izandako ikuskizuna. Bere izena daraman musika eskolako Artur Sustatxaren bandak sortutako obra, Jon Artetxeren jakituria eta armoniaz josi zen. Horri, Elai Alaia eta Ross dantza taldeen koreografiak gehitu zitzaizkion. Gernika, Mundaka, Bermeo eta Angeluko koruek bolumena igo eta zirrara ekarri zuten.
Horrela, ospearen munduan iaioak diren Fito Cabralesek, Javier Alzolak eta Korrontziko Agus Barandiaranek hunkituta ziruditen maisulana bilakatzen joan zen istorio eder horren barnean. Goraipatzekoa Onintza Enbeitaren papera. Emandako gaia hasierako hitzetik bere egin eta gorena jo zuen. Aparta. Eta eskertzekoa Txebi Arriaga bezalako argazkilarien lana. Han eman zena batu eta etorkizunean gozatzeko aukera emanda.
Gernika kultura maite eta bizi duen herria bilakatu dugu. Baten batzuek oholtza gainetik. Gehienok besaulki patiotik. Baina, denok norabide beretik. Kulturaren atetik. Artistak gure artean izatera ohitu gara. Kalean, gimnasioan, tabernan, bat gehiago balira bezala kontenplatzera. Eta hori ona da. Hezkuntzaren nahitaezko zutabe bat, kulturak dakarren hori guztia delako.
Horregatik, mila eta bi mila esker zuoi. Segundo Olaeta musika eskolako irakasleoi. Egiten duzuena musika eskola batek, urtean zehar jorratu behar dituen plangintza markoetatik askoz harago doalako. Tamaina honetako lanek elkarlana, ilusioa, pazientzia, adiskidetasuna, konpromisoa, izerdia eta musikarako maitasuna barneratuta izatea behar dutelako. Biharko artistak, neurri haundi batean, zuen seme-alabak direlako.
Eta zorionak gazte eta ez hain gazteak zaretenoi. Bakearen doinuak tamainako obra aurrera ateratzeko, nota edo pausu hori behin eta berriz lantzeagatik. Han izan ginenon gorputzean emozioa sortaraztearren. Segundo Olaeta Mugartegiren firma eraman lezakeen maisulana eskaini izanagatik.
Milesker! Biba zuek!