S’acabó la miseria!!
Duela hilabete gutxi batzuk ogia egiteko garirik ere ez genuela izango ematen zuen, eguzkilore olioa ere errazionatuta supermerkatuetan, gas eta gasolina eskasia itzela egongo zela, gorriak ikusi behar genituela… eta bapatean… Urriko Azken Astelehena!!
Derrepentean, lagun batek esaten duen bezala, s’acabólamiseria! Larunbatean Astelehentxutxu, akabo miseria ere. Eta astelehenean… Astelehenean… astelehenean hiru urte eta gero gazta erdi bategatik zenbat milaka euro ordainduko den jakiteko irrikitan komunikabideak; hori izango da berri nagusietako bat eta: Gernikako Urriko Azken Astelehenean xxx gazta erdiak bi mila, hiru mila, ez dakit zenbat mila euro.
Milaka batzuk izango dira gaur bertan, datorren astelehenean Gernikan zer erosiko duten, zer jango duten edota zer edango duten pentsatzen edo planifikatzen ariko direnak. Bai planifikatu ere. Batzuk erosketa mailaren arabera: hauxe erosi ahal dut edo hainbesteraino gastatu dezaket. Beste batzuk boteiloia egiteko noiz, non eta nola erosi behar duteneko planifikazioan.
Badirudi ez dela ezer aldatu. Bai, gauza asko gertatu dira baina halako egunetan akabo miseria. Eta ez da txarto dagoen zerbait. Badakigu munduan miseriak egon badaudela, asko gainera, hemen eta han. Abestiak dioen bezala, mundua ez da beti jai, baina badira mila motibo kantatzeko alai.
Garia heldu da nonondik, baserriko ogi postu mordoa bete-bete daude eta. Pentsua izugarri garestitu dela? Arrautzak ere dozenaka ikusten dira postuetan. Lehortearekin ganadua negurako gordeta zegoen bazka jaten ari dela? Gaztek itxura ederra dute, gehienek ezdakit zenbat milaka euro balioko ez badute ere.
Duela hiru urteko Urriko Azken Astelehenaz konparatuta prezio gehienek gora egingo zuten: urteak, energia, ura, lehortea… baina Gernikara egun ederra pasatzeko asmoz hurbilduko bazara, ze arraio, biharkoak bihar, penek hor jarraituko dute, poztasunek ere, eta munduak bueltaka jarraituko du. Baina gaurkoan… s’acabólamiseria!!!