Rizomak eta zuhaitzak
Garbiñe Delgado Raack- Zutabegilea
Onddo garai honetan errizomaren inguruko gogoeta bat partekatzea pentsatu dut. Izan ere, ziza asko errizomatikoki hazten direla esan didate inoiz. Orokorrean azalduta, errizomak lur azpitik hedatzen diren landareak dira, mailukia, belarra edo gin-gerra legez. Une jakin batetan azaleratu egiten dira, lur azpiko adar edo hedadurek elkarrekin topo egiten dutenean, korapilo bat osotuz hain zuzen. Azken finean, sare baten antza hartzen duen bizitza da, amaigabe hazi daitekeena, bere atalik zaharrenak hiltzen doazen arren.
Giza zientzien munduan eta orokorrean ere, errizoma ez da sarritan aipatutako metafora; ez behintzat, zuhaitza bezainbat. Zuhaitzak espiritualtasuna esan nahi du kultura askotan, balore eta gaitasunen azterketa bat egiteko aipatzen da bestetan eta ez da ezohikoa izango erroen, enborraren, adarren zein fruituen inguruan pertsona baten egoerari buruzko azterketa sakon bat egitea. Zuhaitzek erdigune bat daukate, zeinarekin adar guztiak lotuta baitauden, bertan jaio eta bertatik hazten direlarik. Zuhaitz batean elikagaiak pausoz-pauso higitzen dira goitik behera, eta alderantziz, era organizatu batean.
Zizak batzeko epea heldu zaigun honetan, ostera, errizomaren metaforak pertsonak eta gure identitateak ulertzeko bide berriak irekitzen dizkigula aldarrikatzera nator. Horrela, errizomaren ezaugarririk garrantzitsuenetako bat dituen sarrera desberdinak izango litzateke. Hau da, landareak hasiera eta bukaera zehatzik ez izatea, bere erdigunera ailegatzeko bide bakarra aurkitu ezin daitekeelarik. Errizomaren edozein atal besteekin konektatuta dago, bestalde, nahiz eta bere gorputzaren zatirik handiena lur azpian, harreman sarean, gure ulermen osotik urrun aurkitu: errizoma edo pertsona ulertzeko, bere baitan egon behar gara.
Bestalde, sare itxurak harreman ugari eta norabide askotarikoak aldi berean existitzen direla gogoratzen digu. Harreman hauek ez dira, zuhaitzaren kasuan bezala, hierarkikoki atonduta egongo, baizik eta plano horizontal berdinean. Azken ezaugarri bat aipatzeko, errizoma landareetan ere beti sortzen dira nolabaiteko etenak, apurketak. Hala ere, hau ez da gabezia bezala ulertzen bide eta adar berrien bitartez errizomak elkartuta jarraituko baitu. Horregatik mundu errizomatikoan beti gaude (bir)sortzen, hazten; inoiz ez gaude guztiz osotuak.
Ikuspuntu errizomatikoak bizitzaren, pertsonen eta harremanen konplexutasuna nabarmentzeko baliagarria izan daitezke. Identitateak gauza esta- tiko eta solidoak direla pentsatzeari utzi eta harremanen mundura bideratzen du gure arreta.