Post mortem
Ez dago mundu honetatik lur azpira, itsaso zabalera edo zeruan guretzat gorderik dagoen erreinura joateko une egokirik. Gaixoak jota edo bide luzea egin eta gero es- pero zitezkeenak dira. Baita bat-batean, aho zabalik uzten gaituzten horrelakoak ere. Denak, batere gustukoak ez direnak. Hala ere, zoritxarreko kasu batzuetan, luzaroan desiratuak. Eta guztiak zer esana dakartenak.
Bada, 44 urte pasata jendearen arreta erakarri eta lurperatuta genituen momia eta mamuak berpiztu dituenak. Badira bizi bitartean gauzak argi ez utzi, eta bildutako ondasun edo zorrak direla-eta bizirik baino hilda buru hauste gehiago sortzen dituztenak. Izan ziren beste munduan eman behar zuten denbora zela-eta eraman beharreko jaki, edari, arma zein bitxiekin lurperatutako faraoiak. Eta ohitura aldatzen ez den bitartean, izango dira, urteroko azaroaren bateko zita honetan maitekiro bildu edo erositako lore sorta jasoko dituzten errege-erreginak.
Gertutik bizia zen anaia, izeba, amona edo ezagun horren gabezia. Eskertzen zen urteroko zorion deiaren amaiera. Solasaldirako balio zuten kafeen etena. WhatsApp taldetik ezabatutako kidea. Txangoetarako bidaia-lagunaren falta. Eguneroko errutina horien haustura. Senide maitatu horren agurra. Une tamalgarri hau bizitzeko mila eta bat era.
Hildakoen Eguna. Joan ziren haien istorioak gogoratzeko tartea. Malkoren bat edo pila bat isurtzeko unea. Eta zergatik ez, goibel eta euritsu esnatu zaigun egun honetan, familiaren berotan, mexikar kalabera koloretsuen mundu politera eraman gintuen Coco filmarekin gozatzeko aukera.