Portuaz
Oporretatik buelta gogorra izaten ari da mutrikuarrontzat. Kalean dagoeneko Kalbaixo jaien usaina hartzen hasi garen honetan, portuan egiten hastekoak diren lanek bete dituzte kafe eta zerbeza bueltako hizketaldi oro. Gauzak horrela, zail da ikasturte hasierako zutabea ortzimugan daukagun dikeari begira ez idaztea.
Ez da auzi berria herrian. Portuaren aurkako elkarretaratze bat izan zen nire lehen protesta publikoa, nerabea nintzela. Gogoan dut argazki hura jasotzen zuen egutegia urte luzez izan nuela nire logelan, hamarnaka lagun beste aldera begiratzen zuen hondartza batean, eta portuaren aurkako pankarta eskuan. Garaian ere asko izan ziren herrian emandako eztabaidak eta protestak, aldeko eta kontrako arrazoiak, baina proiektuak aurrera egiteko bidea aurkitu zuen, eta ni neroni nerabezarotik hona beste aldatu zaio portuari eta inguruari itxura. Errepidea, hondartza, pistina berria, kirol-portua eta dikeas. DIKEA. Horixe da, hain zuzen ere, gaur egun denok ahotan darabilguna. Izan ere, urte luzez geldirik egon diren lanak abiatu dituzte orain, eta bukatu gabe utzi zuten dikea luzatzeko lanak hastear dira. 150 metro hormigoi gehiago itsasgainean. Asaldatuta hartu genuen batzuk berria, alde batetik, hainbeste urteren ondoren espero gabe iritsi zelako dikea luzatzen hastekoak zirenaren albistea udalera, eta, honenbestez, herrira, eta, bestetik, dikea luzatu ondorengo lanen inguruko informaziorik batere ez daukagulako. Izan ere, portuko obren inguruan onartutako proiektuak arrantza portu bat egiteko asmoa jasotzen zuen, horretarako dikea luzatuz itsasontzien segurtasuna bermatzeko, eta herriari lanpostuak eta bizia emango zion egitasmo bat aurrera eramateko. Gaur gaurkoz baina, arrantza portua ez dago mahai gainean, eta, hala ere, Eusko Jaurlaritzak, 19 milioi euro gastatuko ditu diru publikotik, Mutrikuko dikea 150 metro luzatzeko.
Portuko lanekin hasi ziren lehen aldian bezala, oraingoan ere sortu da dikea luzatzearen aurkako herri plataforma bat Danborzaleak izenpean, eta dikea luzatu edo ez erabakitzeko herri galdeketa bat galdegin dio udalari. Azken egunetan, udalaren eta herri plataformaren komunikatuen bitartez jaso dugu herritarrok etorriko diren lanen inguruko informazioa, urria bada ere. Izan ere, Udalak dionez Eusko Jaurlaritzak dikearen luzapenari dagokion informazioa soilik eman dio: irailean hasiko dituzte lanak, proiektua esleituta dago eta ez dago atzera bueltarik. Bigarren faseari dagokionez, udalak dio herritarrei emango diela hitza, eta orduan herri ereduaren inguruko hausnarketa egiteko unea izango dela. Baina ordurako beranduegi izango delakoan nago.
Inork ez ditu 19 miloi euro gastatzen ondoren zer egin jakin aurretik, edo hori pentsatu nahiko nuke, behintzat. Edo, agian, norbaitek uste du Eusko Jaurlaritzak 19 milioi euro gastatuko dituela Mutrikun, ondoren zer egin herritarrek erabakitzeko? Gainera, ur-lamina batek ez ditu milaka aukera eskaintzen. Itsasoari mugak jartzen badizkiozu itsasontzientzat sarrera eta barne seguruago bat egiteko, logikoena litzateke horretarako erabiltzea barruko espazioa; lehen arrantza portuarekin justifikatzen zen hori, orain kirol-portu batekin. Berandu baino lehen hausnartu behar genuke herri ereduaz, eta pentsatu behar genuke zein nolako itsaslabarra eta portua izan nahi ditugun, eta, horretarako, herri galdeketa izan daiteke aterabide bat. Baina batez ere, Eusko Jaurlaritza zuzenean interpelatzea lortu behar dugu, berak baitu eskumen eta erabakimen osoa herriko etorkizunaz, eta horretarako udala ondoan behar dugu. Eusko Jaurlaritzak ezin du halako azpiegitura bat berpiztu zein asmo dituen esan gabe, eta udalak ere ezin du hori onartu. Ez Udal Gobernuak baina ezta udala osatzen duten gainerako alderdiek ere.
Herri txikia da gurea, eta eztabaida polarizatua daukagu hauteskundeak gero eta gertuago ditugun honetan. Baina ezin gara egi borobil eta uste usteletan kateatuta geratu. Diskurtso konplexua da, zauri asko berpizten dituena eta herritar guztiak interpelatzen dituena. Hanka sartzeak egitea zilegi da, denborarekin iritziz aldatzea ere bai, baina egin dezagun atzera berandu baino lehen.