Poor Things edo nola ikusi mundua lehen aldiz
Zutabe hau irakurtzeko eta ulertzeko gai bazara, sentitzen dut, baina ez zara umea. Iraganean emozio mugagabea sortarazten zizkizuten gauzak, egun, normalak edo ezdeusak dira. Orain, ezin zara irten kalera amaren eskutik helduta eta Spider manen maskara jarrita, arraroa izango litzatekeelako, gehiengoak ez duelako egiten, azken finean, gizarteak umekeria bezala ulertzen duelako. Izan ere, zer dira umeak? Sozietatean guztiz integratu ez diren pertsonatxoak. Hori normala da, denbora gutxi daramatelako munduan eta ez dituztelako arau guztiak ikasi. Sei urterekin umeak maskara batekin irten daitezke kalera, baina erne! Bederatzi urterekin ez dezatela disfrazik atera, hori arraroa litzateke eta. Baina arraroak gu geu bagara? Gizarteko arauen baitan mugitzen diren ustezko norbanako askeak?
2023an estreinatu zen Yorgos Lanthimos zuzendariaren zortzigarren film luzea: Poor Things. Mary Shelley idazleak 1818an argitaratu zuen Frankesteinen munstroaren bertsio modernoagoa da Yorgosena. Spoilerretan sartu gabe, emakume heldu baten gorputzean dagoen, eta Bella izena duen, haur bat da protagonista. Hiru zatitan banatzen da filma; alde batetik, etxean bere aitarekin preso igarotzen dituen urteak; bestetik, mundura lehen aldiz irten eta askatasuna probatzen dituen urteak; eta, azkenik, bizitza errealarekin topo egin eta finkatu behar den unea.
Lehen zatian, esperimentu bat denez, etxean sartuta igarotzen ditu orduak, eta Godwinekin (bere aitarekin) hitz egiten du bakarrik. Horregatik, zuri-beltzean aurkezten dizkigute sekuentziak. Bigarren zatian, ordea, gizon aberats baten bikote egin, etxetik irten eta munduan zehar bidaiatzen hasten da askatasuna ezagutuz, lehen aldiz harreman sexualak praktikatzen ditu, eta, horregatik, sekuentziak kolorez saturatzen dira; dena da ederra, handia eta denak dauka fantasia puntu bat. Hirugarren zatian, diru guztia agortu eta Parisera iristen dira. Orain, lan egin beharra dute bizia aurrera ateratzeko; sekuentziek kolore naturalagoak hartzen dituzte momentu honetan, ez da hain saturatua, eta eszenografia errealistagoa bilakatzen da. Bellak —lauzpabost urte dituenak, baina emakume heldu baten gorputzean dagoenak— estigmarik gabeko bere askatasuna hartu, eta putetxe batean hasten da lanean. Bere bikoteak, Dunkanek, dezepzio handia hartzen du; nola amaitu lezake emakume batek hainbat gizonekin oheratzen diru truk? Sozialki umiliagarria da. Gizarteko arauak ezagutzen ez dituen Bellak ez du ezer txarrik ikusten horretan, sexuaz disfrutatzen du eta dirua irabazten du.
Hasieran esan bezala, Bella Frankesteinen munstroaren bertsio modernoa da. Askotan egokitu da istorio hori liburu zein pelikuletara; hala nola, Pinocchio (1940), Edward Scissorhands (1990), Frankenweenie (2012)… eta beti kontatu da gizartearen ikuspuntutik. Munstroa sozietatearen begietan beti izan da leloa, atzeratua edo infantila. Yorgozen zintan ordea, Bellaren —inolako kanpo eraginik gabeko emakumearen— ikuspuntutik ikusten dugu mundua, eta film honetan gizartea da leloa, mundua da atzeratua eta bizitza bera da kontraesankorra, ez Bella. Espresionismo Alemaniarrari men egiten dion zinta honek, guztiz barneratuta ditugun arau moral eta etikoak zalantzan jartzera gonbidatzen gaitu; izan ere, gauzak ez dira zuriak edo beltzak, gauza denek ez dute erantzun zuzen bakarra, eta hainbeste aldarrikatzen dugun askatasuna patroi batzuen baitan dago.