Okerreko aldera begira
Umeak dira. Konponduko da. Bihar beste bati tokatuko zaio. Eta abar, eta abar, eta abar. Tokatu hitza erabiltzen dute bullyinga jasaten duen biktimaren mina gutxitzeko asmoz. Tokatu, berriz ere. Santo Tomas egunean herriko plazan egiten den zozketa da, ala?
Maiatzaren 2a da Bullyingaren Aurkako Eguna, eta irakasleok ikasleekin batera batu gara argazki erraldoi bat ateratzeko. Askotariko pankartak eskegi ditugu korridoreetan zehar, nahiz eta astebete barru Tere garbitzaileari kentzeko agindua emango dioten. Patioan gaude guztiok, hirugarren mailako ikasle bat izan ezik. Ikasgelako txoko ilunenean dago, lurrean jarrita. Behegaina osatzen duten lauzei josita dago bere begirada. Bola bat eginda dago; eskuekin besarkatzen dituen belaunak bularraren kontra ditu. Esaldi bakarra errepikatzen dabil behin eta berriro: «desagertu egin nahi dut». Biderketak ikasten dagoen Ekainek, oraindik igerian ondo ez dabilen Ekainek, hil egin nahi du. Bere buruaz beste egitea da bere desio bakarra. Heldu baten pentsamenduak dituen ume bihurtu da. Barkatu, heldu batek izan ditzakeen pentsamenduak dituen ume bihurrarazi dute.
Atezainak aurkitu du argazkian falta den ikaslea, eta, segidan, jaisteko agindu dio. «Zer egiten duzu hemen? Jaitsi zaitez jolastokira!». Tutorea konturatu da Ekain berandu gehitu dela taldera, baina ez du txintik esan. Hurrengo astean ordezkapena bukatu, eta, beraz, gehiegi ez inplikatzea erabaki du. Etengabeko mespretxuen eta irainen aurrean, okerreko aldera begiratzeko ohitura ere hartu du.
Ekainek, etxean, eguneroko galderari -«Zelan eskolan?»-, «Ondo» erantzun, eta aurrera egiten dute guztiek. «Ondo badiozu, hala izango da», pentsatzen dute gurasoek. Inoiz amaitzen ez den lan-karga horrekin jarraitu behar duten aitzakia ere buruz daki Bixkor izena duen familiako txakurrak. Aitzakia damu bihurtuko litzateke Ekainek bere desioa beteko balu.
Ekainek bere desioa bete, eta beste argazki erraldoi bat aterako dute eskolako jolastokian, gero eta pankarta handiagoekin. Bitartean, atezaina gelarik gela dabil beste ikasleren baten bila, ezkutuan badaude eta.