Albert Einsteinen ustez bi gai omen daude infinitoaren kategoria merezi dutenak: unibertsoa eta giza inozokeria. Baina lehenengoaz ez zegoen, dirudienez, erabat ziur.
Urriko Azken Astelehenean, Gernikako erdigunean nekazal produktuak erakusgai dotore-dotore zeudelarik eta haiei begira, batzuk adi, beste batzuk pasakeran parean koadratzen zirelako hedabideak osasungintzaz mundu mailako erakundearen berri «alarmagarria» hedatzen ari ziren: okela prozesatuek hainbat minbizi kasuren sortzaile eta eragile bihurtu dira/ditugu gizakiok. Bihurtu dituzte gizaki batzuek, zuzenak izate aldera.
Alde batetik, autoegile marka ospetsu eta ohoretsu batek iruzur egin digula emisio kaltegarrien gainean tranpa eginaz eta osasun baldintzak txartuz , eta bestetik eguneroko jakietan beste ziri bat, zeinak gizon-emakume ugari heriotzeraino eraman ditu. Itzela da gero, ezjakinean geure bizimoduan faktore kutsatzaile aktibo egiten gaituzte, egin gara, eta elikadura hilgarria jarduterainoko kontsumo ohiturak mantentzen ditugu.
«Baina zer pentsatzen genuen bada?» komentatu zidan fisioterapeuta-osteopatak, «Einstein mozoloa zela edo?».
Milaka dira ospetsu egin diren esaerak; emakume-gizon ezagun eta jakintsuenak, zein anonimotzat ditugunak. Bigarren maila honetan «Zer jan, hura izan» bezalakoak. Hala ere edozein txarrikeria jateak ete dakar giza-inozokeria ala inozokeriak garamatza lar pentsatu barik engainagarriak diren jakiak kontsumitzera? Horra beste dilema bat. Jateko, eta orohar kontsumitzeko, zer eskaintzen diguten askotariko superfizie handi eta itxuroso horietan aztertzea lan eskerga litzateke.Horixe besterik ez genuen behar!, eguneroko bizitzari aurre egiteak esfortzu galantza eskatzen digunean, etengabeko miatzaile eta azterlari eginkizunean murgiltzea. Baina, gurean, Lea-Artibain eta Busturialdean, nork ez daki haragia ematen diguten animaliak zelako zaintzak exijitzen dizkiguten bere onenean egon daitezan? Eta hori jakinik, bateko zein besteko baserri, haztegi edo bazkategi handi-mandi horietan esprintean hazitakoak, batek jakin puztu daitezan zer sartzen diotelarik, zer eman dezaketen. Zalantza behintzat izan beharko genuke eta ondorioz jangaiak hautatzerakoan, mesfidantza puntua ere bai. Eta zer esan, arin baten prestatu eta jateko «prozesuez»? Hobeto, pentsatu ere ez egin. Horixe nahi baina «prozesugileek»!
Dena zalantzaren ikuspegitik behatzea ere ez da kontua, baina exijentzia gehiago jartzeak mesede ederra ekarriko liguke, «zer jan, hura izan» esaerari zukua ateratzeko. Ez gaitezan hain inozoak izan; Einstein handiak asko zekien eta erabatekotasunari muga jartzea zaila izanik ere, arindu dezagun, pixkat sikieran, inozokeriarena!
Eta zuri, Salu, ongi etorri herrira. Giza inozokeriak bere gordinenean ez zaitzala harrapatu, gehiagotan! Goza gure paisaiez zazpi urte eta piku ondoren, gure jakiez, gure usaiez, zure lagunez… Salu eta besteak, LIBRE!