Natxi Aranburu: Turismo jasangarria?
Opor egunak heltzerakoan edota Aste Santua edo zubi luze samarren bat suertatzen denean, turismoaren bueltan mugitzen direnak aparteko langintza izaten dute. Bejondaiela! Modan jarri den esaera baten arabera, «beste alegria modu bat» nabaritzen ei da. Hala, irrati-telebistetan eta ohiko bestelako komunikabideetan ere toki nabarmena hartzen dute eta ostatuen okupazioaren ehunekoez hitzegiten da, batez ere itsaso bazterretako kafetegi edo tabernetako terrazetako jende multzo ugariez, pintxojale amorratuez edo jatetxeetako jantokietako mahaietako gutiziez…
«Halako herriko aparkalekua topera egon da» edo «moila jendez gainezka zegoen».
Aintzina udatiarrak ziren, geroago turistak «a sekas» Ander Lipusek esango lukeeen modura, eta gaur egun gure herriotan –jar dezagun Busturialdea, Lea-Artibai– turismo jasangarriaren euskarriak, kontsumitzaileak, bezeroak. Badira bidaiariak direla esatea zuzenagoa dela diotenak ere. Eta azkenik, bada denok garela noizbait multzo horretako kide edo kidegai esaten duenik.
Egunotako hitza baten «turistek bete egin dituzte Bermeo eta Gernika-Lumo» irakurri ahal izan dugu, txoko baten. Betetze kontzeptua aldakorrra izan daiteke hala ere eta betetzeak sortu ohi duen sentsazioak subjetiboak. Sektore horren jardueran lanbidea dutenek «beste alegria bat» izango zuten euren lanpostuak eta bizibideari segida ematen dietelako; betetzeak, batzuei poza emango die, beste batzuei goragalea akaso, beste batzuek jo ta paso, urliari batek jakin zer axola dion guzti honek.
Baina dena dela, gai honen gainean ari garelarik, adjetibo batek hartu du pisu ederra: jasangarria. Eta honaino heltzean, norberaren iritziek alde batetik eta interes desberdinek bestetik, pasada eman diezagukete eta tranpati batzuei izkutaleku bikaina.
Bistan da, hala diote, gure lagun eta ezagun batzuk lanerako parada dutela eta biziraupenerako edo bizimodua ateratzen joateko laguntzen die turismoak orokorrean, beste edozein beharrek eman ohi duen legez; bada jendea turismoa eginaz gure izaera, historia, istorio, hizkuntza… bertatik bertara ezagutzen duenik eta dastatzen duenik (jende asko gure gastronomia bereziagatik etortzen dela baitiote). Baina guzti hori zergatik edo zein baldintzatan da jasangarria edo norentzat?. Batez ere adjetibo hau adibidez Autzaganeko txikizioaren errealitatea zuritzeko ere erabiltzen denean. Turismo jasangarriarren politikak bultzatzea da helburua eta pakete honetan –beste adibide bat jartzearren– Bermeoren arrantzale tradizioa goraipatu eta erakusgai jartzen da inbertsioak eginaz, hain zuzen ere herri horretako jarduera garrantzitsuena pikutura joan denean edo arrantza bera gaur egun itsasoa xahutzeko bitartekoak jartzen ari denean. Guggenheim-aren sukurtsal bat Busturialdera ekartzearen ahaleginak jasangarritanean, lanpostuak sortzeko helburuaz… defendatu izan dira. Beste hainbat eredu jar genitzake.
«Beraneanteei sua» hormetan margoztetik, turismo jasangarrira pasatuko gara. Bada zerbait!