Natxi Aranburu: 'Eskola txikien jaia, Ean'
Maiatzean sartuaz, hezkuntza mundua bor-bor nabari da. Matrikulazio kanpainak, orain «ate irekiak»… Horiek atzean utzi eta azken txanpan balantzerako sasoia heltzen da; hilabeteetako lanaren emaitza aztertu, baloratu eta kaleratu.
Busturialdeko eskola txikiek ere ez diote uko egin azken eginkizun horri eta, maiatzeko lehen egunetan jendaurrera azaltzen dira, jai giroan.
Urteak daramatzate Muxikako Urretxindorrak, Mundakak, Busturikoa Uzelaik, Arteagako Montorrek eta Natxituko Haizeder eskolek Busturialdeko eskola txikien arteko indarrak pilatuz egun berezi bat antolatzen. Aurten Ean egingo da lehen aldiz Busturialdeko eskola txikien bilkura, gaur. (1990ean Ibarrangelun eta 1991n Natxitun halako zerbaiten lehen urratsak eman ziren).
Konzentrazioei aurre eginez sortutako mugimendu honek bizitza eta nortasun propioa eskuratu du irakasle, guraso eta herritarren iniziatibei udalak gehitu zirenetik; hain zuzen ere, «txikigintzaren» balioak defendatuz.
Kantu batek eta talde batek hartu du bozgorailua eskola txikien mezua zabaltzeko. Eskerrik asko Pirritx eta Porrotx; Irrien Lagun bihurtu dituzue hainbeste problematika
Haizeder da gure eskualdean lehenagoko jarduera galduari arima eta etekina atera dion azken eskola; 2010ean, urteetan itxita zegoen eskolak lehenagoko eraikin berari ekin zion 6-7 ikaslerekin. Egun ia 30 ikasle ditu, eta hurrengo ikasturtean zenbaki hori gaindituko da, handitze prozesuari eutsiz.
Beste gai askotan bezalaxe, kantu batek eta talde batek hartu du bozgorailua eskola txikien mezua zabaltzeko. Eskerrik asko Pirritx eta Porrotx; Irrien Lagun bihurtu dituzue hainbeste problematika.
Eskola txikiak herri eta auzo, geroaren bila dio zuen kantak. Etorkizuna lantzea erabaki handiekin eta kongresu potoloekin eta jendetza handiekin marrazten digute/dugu; gurean, txikitasunaren balioa aldarrikatzen dugu.
Baserri eta kaleak denak loturik. Baserri guneen errendizioa sinatzeko ez gaudela prest; menpekotasunik gabe, inor baino handiago garela uste barik, berdintasunezko harremanetan sinesten dugu.
Txikia izatea ez dezaten inoiz izkutatu. Handitasunaren aurrean gutxitasunari edo txikitasunari lotsaraztea dagokiola ematen du. Bada, ez, arrotasunez eramateaz gain, balio anitzeko tresna dugu. Zergatik ez erakutsi eta landu?
Azkenik, Daviden historia ederrak daki. Baina gu ez goaz inor zanpatzera. Handitasunari aurre egiteko, txikiak bere malizia atera behar du maiz, emankortasunaren aldeko trikimailu ugari erabiliz: etxetik bertan, adin eta izaera desberdineko herritarren babespean, herriko kale, auzo, bazter, … edozein unetan ikusi, herritarrak komunitate berbereko sentitu, eskola herri txikien ardatz eragingarri bihurtu.