Egunak aurrera doaz, baita ere urteak. Sufrimendua geratu egiten da denbora bezala, baina badago denbora eta sufrimendua ez pasatzearen artean ñabardura handi bat. Denborak bere horretan dirau; sufrimenduaren kategoriari dagokionez, aldiz, haren jatorria erasoz zergatiak ez badira zuzen-zuzenean ezabatzen, sortutako mina areagotu egiten dute.
Asteburuetan euskaldun askoren etxe barruetan denborak bere egonean segitzen du; egunek eta urteek, sufrimenduaren etengabeko zartakoa eta mindura azal-azalera bistaratzen dute, aldiz. Behin eta berriro «berriz min hau», euskal preso ohi batek idatzitako letraren kantak dioen bezala.
Sakabanaketa eta dispertsioa.
Bai Urkullu jauna, urrunketak, dispertsioak, sakabanaketak, mina sortu du eta sortararaziko du berriz ere asteburu honetan; hau da, bariku honetan martxan jarriko dira ehunka euskaldun urruna muga dutelarik (batzuk zure gobernupean daudenak, eta beraz, zuk haiekiko erantzukizun zuzena duzun pertsonak), sekula ez luketen egin behar ibilaldi neketsua hasiko dute, batek jakin zelako arriskuak euren gain hartuz; senideen eta lagunen musuak eskaintzera kristal sendo, zikin, ugerdo baten atzetik, egunkariak eramatera, jantzi apurren batzuk, gainontzeko etxeko eta lagunen pozak eta ajeak kontatzera, aspalditik ikusi ez duten etxekoren baten heriotzaren berri ematera, demandaderoan zeozertxo erosteko dirua sartzera, asko maite dituztela esatera, etxekoen eta milaka lagunen epela ez dutela faltako esatera, eta abar.
Eta zelan ez!, gizonezkoen kasuan, zure azalpenekin oraindik ai eneka daudela potroetan itzelezko mina sentitu dutelako aitortzera: «los aspectos positivos de la dispersion».
Asteburu honetan, orain arteko hamasei hildakoei, beste bat edo bi gehitu ahal zaizkie edo… Akaso, hurrengoan. Hau da, dispertsioaren emaitza zuzenak dira gorpuok; lerro hauek idatzen ari naizelarik, hamasei lagun falta zaizkit, Urkullu jauna.
Halakorik gehiago gerta ez dadin, Gernikako Juntetxean Euskadiko lehendakari kargua hartu zenuenean, bi herritarrek gutun bat eskura eman zizuten, Etxeraten izenean. Edukazio osoz hartu eta diskrezioz jokatuko zenuela agindu zenuen. Harrez gero, urrunketaren eta sakabanketaren egoerak txarrera egin du eta, zer esan? Ez ei dira ondo ulertu edo argira ekarri patxadaz zure esanak. Bada argitu itzazu, ze alde positiborik bat bera ere ez dugu somatu; eskubideen urraketa eta sufrikarioa gora eta gora, bai ordea!
Errepidean ez gaudenok, domeka honetan, Bilbora!