Musilagoa
Etena omen dago. Etena iraganarekiko eta iluntasuna etorkizunarekiko. Ezereza. Itsasontzia ozeano zabalean galdua bezala, nondik etorri denaren arrastoa ezin aurkitu uretan eta, nora doanaren itsasertza oraindik ere bistaratu ezinik. There is no alternative madarikatua. Handitasunean etenda, handitasunean egotea besterik ez.
Uretan egotea da garaiko horizontea, amestu eta desiratu beharko genukeen horizonte hori, utopia hori: egotea edo bizirautea. Begiratu ingurura, begiratu irakurtzen, ikusten eta amesten dugun horren produkzioa. Badirudi etorkizunik ez dagoela, badirudi ezin daitekeela, badirudi… Apokalipsia ikusteko jarri bi butaka (Beldurrik gabe abestia, Xatiro/Salda Badago).
Saiakera, bizirautearena. Saiatzen gara, hala moduz –eta tamalez erakutsi bezala bakoitza beretik– duintasunez bizitza aurrera eramaten, desoreketatik ez erortzen. Jada ez dugun denbora batez amesten, biharkoaz ulertzen ez duen denboraz, etorkizuna irudikatzea zail egiten zaion denboraren ulerkuntza batean. Noiz arte? Noiz arte izango dut lan hau? Noiz arte biziko naiz hemen? Noiz arte posible izango dut alokairua ordaintzea?… Eta zein den gaiztoa, zein den zaila askotan beharrek etengabe pisu egiten duten honetan. Aterpea eta jana, lana eta beharra, bizitza.
Kontrako eztarritik (Uxue Alberdiren liburuaren izenburua da, irakurtzekoa) sartzen diren horietakoak, egia ahoskatuak, izkiriatuak, egia kolektiboa. Ez da norberarena, ez da berea –urrutiegi gertatzen den hori–, ezta zurea –hurbilago–. Gurea da gaurko hau. Gurea da gaur-a eta biharkoaren hipoteka. Gureak beharko luke izan ardura kolektiboa.
Akatsa beharko luke izan inkontzientzia boluntarioa –edo derrigortua–. Itsasontzi, itsaso eta akaso desertuko bizitzaren errespetuzko kontzientzia gogorrak eramango gaitu ertzak aurkitzera.
Lekuren baten ba omen dago oasia. Lekuren baten eta akaso momentu batez bizitzen den oasia. Baina…
Oasia baino –betiere euskal aurrizkiz–ez ote ari dira merkeegi saltzen Diazepan dosiak?
Alta, jokoan dagoena –eta ez apustuan– etorkizuna da, eta oraina. Etengabeko eraikuntzan dagoen alternatibaren haritik ere badugulakoan nago, zorionez. Ordezkaritzatik baino jarraikotasunetik gehiago duena, esperientziatik, praktikatik, bizitza errealetik.
Senaz mintzo zen bat sare sozialetan, badagoela –edo badugula– nonbait bidegabea den horren aurrean ekiteko sena eta gaitasuna. Oinarri ederra da hau etorkizunerako, gaurko. Horizonte berri bati ekiteko. Behetik gorakoa, kolektiboa, gaitasun politiko eta erabakizkoa, burujabetzaz pentsatu eta jardutekoa, bizitza erdiguneratzeko indarrezkoa… erronkak ez dira makalak. Iparrorratzak erabiltzeko gaitasuna bera ere ez da gaitasun makala.
Insha’Allah.
Abentura bat tarteko bestelako garaiko horizonte batetara. Badira zorionez, badugu zorionez, bestelako mundua ulertu eta bizitzeko modu batzuk. Zu eta zuek ezagutzeko pribilegioa tarteko. Denekin, denen ongi izaterako, kapitalismoaren aurkako kokaleku etikoa. Oinak lurrean izanik ere amesteko eta arnasteko tartea edonola.