Gutxi falta da makilak kale hotzera atera eta kolpez kolpe berotzen joateko. Oleska ibiltzen gara, Agedari deika, ezetz esan zuen emakume hari deika. Izan ere, Kintziano gobernadorearekin ezkontzeari uko egin zion Agedak, bere birjintasuna mantentzearen alde, eta ordainean bularrak mutilatu zizkioten. Martir bat izan zen, torturatua, eta beste emakume asko bezala bizitza guztia sufritzera kondenatua. Bere kasuan, ezetza ez zen izan ezetza.
San Valentin ere gainean dugu, eta bai, hau bada baietz esaten dutenen eguna. Baietz maitasun erromantikoari, baietz biren artean osotasun bakarra sortzeari, baietz monogamiari eta ia beti baietz heterosexualitateari.
Kontziente garela maitasun erromantiko eta gehienetan, heterosexualaren kontakizun honetaz? Umetatik, eta kulturaren bitartez, barneratu dugu: abestietan, filmetan zein ipuinetan, txikitan mutil-lagunik ba ote dugun galdetzen digutenetan edota inguruan ditugun bikote-ereduetan. Guzti horrek, gure patua eta bizitzaren xedea izan beharko lukeen horretara bideratzen gaitu, hau da, ezkontzera eta seme-alabak izatera. Eta horren barruan, nola ez, monogamia dago. Monogamia segurtasuna eta konpromisoa da, baina batez ere, bizitza honetan arrakastatsua izateko ezinbesteko baldintza. Beraz, monogamoa ez izatea porrot egitea da.
Monogamia 2 zenbakiarekin lotzen badugu ere, ez da zenbakien bidez neurtzen den zerbait. Hierarkizazioz betetako sistema bat da, dinamika jakin batzuk dituena eta kapitalismoaren makinaria guztiaren motorra.
Zenbakiez haratago doan afera bat denez, ez da nahikoa bikote harreman bat irekitzearekin. Sistema monogamoarekin apurtzea beste era bateko zaintza harremanak sortzea da, era kolektiboan haur bat heztea, maitasun erromantikoaren esklusibotasunak beste pertsona batzuei zabaltzea edota bakarrik bizitzera joatea. Hau da, sistema monogamikoaren dinamikak kolokan jartzen dituzten elkarrekiko loturak sortzea, gorputzen kontsumoan edota objektibazioan erori gabe.
Elkarrekiko zaintzaz ari naiz, norberaren beharrak entzuteaz eta erraietaraino sartuta dugun erromantizismoa kudeatzeaz. Diskurtsotik jaitsi eta guzti hau egingarria dela frogatzea monogamia santuarekin apurtzeko. Hori izango baita gure baiezkorik askatzaileena.