'Memoriaren markak pasilekun… Zer gogoratu, zertarako gogoratu, zelan gogoratu'
Adierazi, lehengo eta behin, idatzi hau sinatzen dugunok ez gaudela, inolaz ere, gudarien omenaldien eta memorialen kontra. Baina Memoriaren lanketarekin lotutako zenbait arrazoiengatik ezin gara Gernika-Lumoko Pasilekuan jarri den gudarien omenezko irudiaren alde egon. Hainbat arrazoiengatik, ezin dugu, aukeratu dan gaia eta tokiari gure oniritzia eman.
Irudiari dagokionez, argi esan behar da, Gernikan ez zela benetako borrokarik egon. Gernika eraso basati eta gupidagabeko baten babesgabeko biktima izan zen. Oso egoki ikusiko genituzke gudarien omenezko irudiak Intxortetan, Solluben, Lemoatxan, Legution… Pasilekuan ezarri diran modukoak edo beste eratako edo estilokoak. Gudarien omenezkoak, eta, baita, milizianorenak ere, Eusko Gudarosteko tropez gain, beste askok, euskotarrak batzuk, asturiar eta kantabriarrak beste batzuk, izuri zutelako haien odola faxismoaren kontrako borrokan; zergatitik ez borrokalari antifaxista guzti horien gogoramena?
Lekuari begira, Pasilekua, eraikinak eta espazio arkitektoniko berak, orokorrean gerra aurreko gunea den neurrian begirune bereziarekin jagon behar dala uste dugu, eta Gernika-Lumoko gune historikoa bezala, erabilpen sozialaz gain (espazio bizia izan behar dauelako), inguruaren edozein aldaketa tentu handiz neurtu behar dela uste dugu (kontuan edukita, bestalde, gerra aurreko jasotako ondare arkitektoniko eta urbanistikotik zenbat osagai galdu diren, 1979tik hona, Gernika-Lumon).
Zer gogoratu… Zertarako gogoratu. Nortzuk eta zelakoak garen dinoskuen, identitate kolektiboen ezaugarri nagusiak, Memoriaren kontakizunaren ardatzak, aukeratutako edukiz betetzen dira: eduki sinbolikoak dituzten elementu materialekin, leku eta objektuekin; eduki inmaterialekin osatutakoekin irudi mentalak, leloak, balore eta printzipioak, kontakizunak (kontakizun mitiko eta historikoak). Kontuan edukita beti, alde batetik, Memoria kolektiboaren elementuek osakera konplexua daukatela, irudi sinboliko, diskurtso arrazionalez eta hunkiberatasunez eginda daudela; eta bestetik, Memoria, gizarte baten produktu historikoa dela, gizarte horren historia beraren isla. Memoria, modu orokorrean, estatu-nazioen eraketarekin batera instituzionalizatu egiten da. Ezin da interes eta borroka sozialetatik baztertu. Memoria uniformatzeko, informatzeko, konformatzeko tresna izan da historikoki eta, halaxe da, gaur egun, sarritan. Ez dugu guk goitik bera, ierarkikoki moldatutako Memoriarik nahi. Denon artean askatasunerako eraikitako Memoria bizia, aberatsa nahi dugu.
Gernika deiadarra da, zaurituak, zenbatu gabeko hildakoak, gure herriaren azpian hilobiratuak, historiaren orrialdetatik ezabatutakoak; su eta kearen artean, hondakinetan akituak ziharduten suhiltzaileak, gudari eta milizianoak, bolondrezkoak… Gernika bere umea besoetan babesten duen ama da; negarrez etsita dagoen amama; indar frankistentzat behartuta lan egin behar izan zuten emakumeak; bakarrik, esku hutsik, haien senideak sostengatzeko, txikitutako lurralde batean, beharrean aritu ziren andreak; elkarren artean laguntzen, elkartasuna saretzen aritu zirenak; erizainak, erbesteratuak, desplazatuak, umiliatuak, bortxatuak izan ziren emakumezkoak dira Gernika. Eta gure herrietan, tinkotasunez, dignidade isil eta irmoarekin, desagertutako, hildako, gartzelaratutako beren lagun eta senitartekoen maitasunezko gomuta eta apaltasun osoz, eguneroko, hurbileko historiaren oroimena gorde zituztenak dira Gernika. Gerra guztietako, biolentzia guztien, atzoko eta gaurko Gernika guztien irudia.
Oroimena eraikitzeko lan asko daukagu oraindik. Ez da Pasilekuan ezarri dena Gernikarako gure monumentua. Ez dira horiek Memoria lantzeko moduak, herritarren parte hartze barik, inposatutakoaren atzean antzutasuna baino ez dagoelako. Gure etorkizunerako Memoria askatasunaren eta egiaren hariekin josi behar dugu. Denon artean, zintzotasun, adore eta duintasunarekin. Zein izango litzateke guk Pasilekurako proposatuko genuke Memoriaren jostura? Bonbardaketa aurreko azokako emakume saltzaileen oroimena esate baterako, emakume baserritarren aipamena. Proposatu esan dugu, ez ezarri, eta, espazioaren ezaugarri guztiak zainduta, gernika-lumotar guztion artean erabakitzeko.
Gernika Memoriaren Lekuko.
Jon Argintxona Badiola
Maitane Azurmendi
Camino Saiz
Sabin Ibazeta
Aitor Amutio
Xabier Onandia
Ibon Meñika Orue-Etxebarria