LABetik Kaltzada Egoitzako langileen egoerarekiko kezka
Orain aste pare bat Kaltzada Egoitzako langile talde bat LABera hurbildu zen bizi izan duten egoera salatzera: itxialdian gainezka egin dute.
Hasteko, erresidentzietako langile guztien konpromisoa goraipatu nahi dugu. Ezinbestekoak direla argi geratu da. Pena bat zuzendaritzak hartutako erabaki eta ezarritako lan baldintzetan isladarik ez ikustea.
Herrian txalotu ditugu langileak, itxialdia, baina ez dugu jakin nola burutu den, ze baldintzetan eta ze ondorio izan dituen.
Boluntarioa izan zela zalantzan jartzen dugu: zuzendaritzatik itxialdia egingo zela eta boluntarioak behar zirela esan zieten langileei. Egun batetik bestera erantzun behar zuten, eta geratu ziren gehienek kontratu partzialak zituzten, prekarioak eta migranteak ziren. Egoera horretan erabaki askeak hartu daitezkeela uste dugu?
Barruan geratu zirenek euren familia kanpoan utzi zuten besteena zaintzeko, inolako laguntza psikologikorik gabe, lurrean koltxoietan lo egiten, janari gutxirekin eta goizero mezatara joaten. Amaitzean egun bat libre eman eta lanera bueltatu behar izan ziren lanaldi bikoitzekin: 08:00etatik 22:00etara. Zuzendaritzak itxialdiagatik 0 euro ordainduko dizkie.
Kanpoan derrigorrez geratu ziren langileei, arduradunek erabakita eta akordiorik gabe, orduak edo opor egunak zor dituztela esan diete edo soldatatik kenduko dietela. Egoiliarrengandik jasotzen duten dirua berdina bada ere, batzuei ordaindu ez eta besteak zorretan. Borobila.
Langileak minduta daude: manipulatuta sentitu dira. Jazarpena, kontrola, errespetu faltak… Gogorrak egin zaizkigu testigantza batzuk.
Kaltzadako langileen lana txalotzekoa da: orain eta beti. Inork baino hobeto dakite zaintzen dituzten pertsonengan irribarre edo maitasun keinu batek izan dezakeen garrantzia, baina nola egingo dute lan baldintza hauetan?
LABetik kezka agertzen du-gu: langileekiko elkartasuna adierazteaz gain, gure esku dagoena egingo dugu langileak errespetatu ditzaten eta lan baldintza duinak izan ditzaten.
Deia luzatzen diegu Kaltzada Egoitzan ardurak dituzten eta diru publikoz hornitzen duten Gernikako Udalari eta Aldundiari gertatu dena aztertzeko: botere abusuak eta boluntario gisa saltzen dituzten ezkutuko ordu estrekin amaitzeko.
Kaltzada Egoitza denon ardura da: herritarrak bizi dira, zaintza duina behar dute eta nola zainduko dituzte zainduak ez diren langileek? Zaintza, familia eta komunitatea ez dira komunikabideetan erabiltzeko hitzak: egunerokoan daukate garrantzia.