Koplak
Nik letra hauek idatzi eta zuk irakurtzen dituzun artean, bi egun bakarrik pasako dira, baina tarte horretan Gernikan, behintzat, denda bat gutxiago egongo da, lanpostu bat gutxiago...
Pasa den larunbatean eta aspaldiko partez, kontzertu baten izan nintzen. Koroa duen birusa hasi zenetik ikus-entzun-bizitako lehen kontzertua.
Martin Larralderen koplak izan ziren kontzertuari hasiera eman ziotenak. Eta abesti hura entzuten nuen artean, ni zutaz oroitu nintzen, Jakes Esnal. Hogeitahamar urte espetxean. Zutaz eta zuen inguruan «heltzen zaizkidan eskaera guztiei ezetza emango diet» esandako fiskal juxtu horretaz. Tout pour la grandeur, tout pour la patrie. Berdin dio zer, noiz, nork eta nola eskatzen duen. Nik ezetza emango dut. Fiskala izan beharrean, psikiatra baten eskuetan egon beharko lukeen horrek; ez da zentzuzkoa horrelako jarrera bat. Baina ez da hain ezohikoa besteon bizitza epaitu eta zigortu behar duten horien artean. Ni-ismoa oso hedatua dago, Jakes lagun.
Hilabeteak eta gero, kontzertu bat. Zoritxarrez, ez zen Kulturaren Hirian izan. Mungian izan zen. Iluntze euritsu batean, eta ezagutzen ez nuen areto batean. Hainbestetan errepikatu diguten bezala, «segurtasunezko neurri guztiak bermatuta».
Ez zen Kulturaren Hirian izan, honetan Kultur ekintza publiko eta ofizial guztiak desagertu egin direlako. Baina, tira, ez pentsa kritika hau Gernikari buruzkoa bakarrik denik. Nire herrian bertan ez da kultur ekintza bakar bat antolatu zorigaiztoko martxoa eta gero.
Halako batean ekin beharko diogu ba, kultura indartzeari. Zibilizazio bezala zerbaitek iraun beharko badu, kultura da; gure kultura propioa eta baita unibertsala den kultura, halako ezberdintasuna egitea zilegi bada.
Berton eta bertokoa erosteko kultura ere salba beharko genuke. Herri bezala salbatu, langileak salbatu eta kaleko bizitza salbatu ere. Nik letra hauek idatzi eta zuk irakurtzen dituzun artean, bi egun bakarrik pasako dira, baina tarte horretan Gernikan, behintzat, denda bat gutxiago egongo da. Denda bat gutxiago, lanpostu bat gutxiago, kale bizitza apur bat gutxiago.
Pozgarria hainbeste hilabete eta gero Gernikako kultur ekimenak martxan jartzear daudela jakiteak. Beste herri batzuetan Kultura eta beste kultura batzuk ere martxan jarriko diren itxaropenez…