Kaka burutik behera
Koronabirusa dela-eta «erantzukizun kolektiboaz» hainbeste hitz egiten denean, gure eskualdea eukaliptoz betetzen doa. Galizia bat bihurtu nahi dugu basogintzari dagokionez?
Ez duzue inoiz sentsazio hori izan, bata besteari, geure buruari, alegia, kaka burutik behera egiten gabiltzala? Larrosa kolorekoa ez, baina mundua begi alaiez begiratzen ahalegintzen naiz; hala eta guztiz, batzuetan kaka burutik behera egiten gabiltzala iruditzen zait.
Nola ulertu daiteke bestela klima aldaketa gainean izanda eta suteak, lehorteak eta kalamidade guztien abarra buru gainean zintzilik ditugunean? Nola ulertu daiteke koronabirusa dela-eta «erantzukizun kolektiboaz» hainbeste hitz egiten denean, gure eskualdea (eta alboko eskualdean irakurtzen duzuenontzat zuen eskualdean antzera gertatzen ariko da) eukaliptoz betetzen joatea? Galizia bat bihurtu nahi dugu basogintzari dagokionez?
Eukaliptoak «dirua ematen duela» diote hori defendatzen dutenek. Gainera, «nik nire lurrarekin nahi dudana egiten dut» gaineratzen duenik ere bada, nahiz eta hor erortzen den euri ura, bioaniztasuna, lurrari eustea eta abar luze bat denon ondare izan eta horien ondorioak denon artean ordaindu beharko ditugun. Eta zera, kuriosoa, burubelarri aro digitalean sartuta gauden honetan, dirua ematen duen egurrra papera egiteko erabiltzen dena da.
Geure buruari kaka egiten diogu. Lurra lehortzen duen eukaliptoa landatzen dugun artean, gure udal ordezkariek bertoko ur partzuergoa bertan behera utzi eta Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoan sartu eta ura Arabako lurretatik ekartzea erabaki dute. Antza, Jangoikoa eta haritz baten azpian sinatzen ziren foruak maite zituztenek nahiago dute Jangoikoaren hitza eukalipto baten azpian jasotzea. Eta entzun, Jangoikoaren hitza entzungo da hor, txoriak ez baitira entzuten eukalipto basoetan. Egin ezazue aproba.
Jeltzaleok ez garen besteok, tira, hor gabiltza, udaletxeetan beldur jendea haserretuko zaigun edo zer begira, lurraren aberastasuna agortzen doan bitartean.
Eh, ni ez nagoela eukaliptoen kontra, urte batzuk barru gure nekazal turismoan bezero piloa izango ditugu «eukalipto arnas bainuak» hartzera etorriko direnak eta. Biriketako arazoa duten jubilatuen Benidorm berria izango da Urdaibai.
Une hori heldu bitartean, Gernikako Plazan baserritar eta herritarroi kaka buruan egiten digutenak usoak dira. Horiek ere ezin baitira eukalipto artean bizi.