Jarrera, gaitasuna eta gardentasuna
Politikari buruz idatzi dudan trilogiari amaiera emateko, larunbat honetan osatuko diren udalen gaiari helduko diot. Aurretik joan dadila, goraipatzekoa dela udal, foru eta beste erakundeetan aurkezten direnen ausardia eta jarrera. Batetik, gauza mardula delako zergadunen diruarekin populazioaren alde behar luketen politikak martxan jartzea. Bestetik, nekea izan behar duelako urtean ematen diren jai, ekitaldi edo halakoetan aurpegia ematen aritzea. Azkenik, esan nuen bezala, bat edo beste egin, batzuen zein besteen hitz goxoetan presentzia izango dutelako.
Baina agintzen duen mundu honetan, jarrera soilik ez da nahikoa. Han, hemen, edonon izena emateko jarreraz aparte gaitasuna behar da. Horrela, izen eta abizenez gain, zure ikasketak, lan ibilbidea, doai eta bestelako afizioak azaldu behar dituzu. Begira nora iritsi garen, kirol ekitaldi askotan parte hartzeko ere, esfortzu proba eramatea ezinbestekoa dela. Beraz, aurkezten direnen gaitasunak azaltzea demokratikoa da. Nortzuk eta zertarako hankamotz geratzen da. Nortzuk, zergatik eta zertarako. Ondasun aitorpen bat argitaratzea baino askoz demokratikoagoa da, herri subiranotasuna ordezkatuko dutenen doaiekin lau urte buruan garatuko diren politikak jakitea. Eta esandakoa, legez arautua izan beharko zuen. Bai edo bai.
Bukatzeko, erakunde publiko baten jomuga gardentasuna izan behar da. Egiten dena argitzea eta azaltzea. Baina derrigorrezkoa bilakatu den helburu hau, ez da modu ulergarri eta erabilgarri baten plazaratzen. Aldizkari ofizial batean argitalpenak egitea edo Open Data deitzen dituzten atarietan irentsi ezinak diren datu sortak aukeran ematea, ez da gardentasuna bermatzea. Biztanleria, herri xumea, % 90a ez da gai aipatutako bi baliabideen bitartez ezer argitzeko. Horrela, administrazioaren agintea lehenik, datuak eskeintzea eta bigarrengoz era errez, ulergarri zein eguneratu batean azaltzea izan behar du. Zorionez badira erronka horri heldu eta martxan jarri direnak. Hemen kanpoko eta bertoko adibide bi: www.datausa.io (Amerikako Estatu Batuak) eta www.noradoaznirezergak.vitoria-gasteiz.org/eu (Gasteizko Udaleko aurrekontuak). Aho betez, demokrazia hau ere bada.