Isiltasunari: duintasuna eta aitortza
Urte asko dira borroka armatua amaitu zenetik, 14 urte zehatz-mehatz. 2011an su etena eman zen, eta ondoren, ETA desagertu zen. Hala ere, Espainiar Estatuak erabaki zuen gatazka ez zela amaitu behar, ez behintzat presoen kasuan. Ordutik (eta jakina, aurreragotik), sufrimendua eragiteko eta luzatzeko etengabeko estrategia bat jarraitu da: salbuespen politikak normalizatu dira, mendekua justizia gisa aurkeztu da eta konponbide politiko oro sistematikoki blokeatu da.
Hori gutxi balitz, Auzitegi Nazionalak martxan jarritako aparatu errepresibo gisa, etengabe zapuztu ditu urrats oro: gradu progresiboak atzeratuz, askatasun eskaerak ukatuz, eta espetxe politika salbuespenezkoa betikotuz. Zer esanik ez, sakabanaketak utzitako ondorio latzak: ehunka mila kilometro egitera behartutako famili-kideak eta errepideetan hildakoak, sufrimendua zigor osagarri bihurtuta. Are gehiago, guzti honi gehitu behar zaizkio azken urteetan salatutako tortura kasuak, oraindik ere aitortzarik eta justiziarik gabe jarraitzen dutenak. Beraz, ez da iraganeko arazo bat: orainaldiko inpunitatearen isla da.
Hala ere, orain arte identifikatu izan diren biolentzietatik, isilarazi direnei forma ematea ezinbestekoa da. Ez dezagun ahaztu emakumeek historian zehar parte hartu dutela erakunde armatu desberdinetan, are gehiago, emakumeek talde armatuetako borrokalari edo laguntzaile gisa parte hartzera bultzatu dituzten motibazioak gizonenak bezain askotarikoak izan direla. Izan ere, konpromiso militante edo politikoak izatea zaila bada, zer esanik ez konpromiso horiengatik espetxeratuta izaten bada emakumea. Argi dago espetxe sistemaren helburua preso dauden pertsonak zigortzea dela. Eta horretarako, jazarpena, umiliazioa, estigmatizazio soziala, menpekotasuna, indarkeria… baliatzen dituzte.
Izan ere, emakume presoen zigorra ez da soilik askatasuna galdu izana eta gatibu egotea. Horrez gain, emakume preso batek zigor hirukoitza (edo laukoitza) pairatzen du: zigor soziala, pertsonala eta presondegikoa. Generoan oinarritutako jendarte patriarkal honetan, zeinetan emakume borrokalariaren izaerak talka egiten duen, kartzelara sartzeko garaian familiaren zaintzarekin jarraitu ezin duelako, eta beraz, emakumeari egotzitako zaintzaile lana errotik utzi eta mantendu ezin duelako zigortua izango da emakumea, are gehiago, autozigortze prozesu batean murgiltzen dira haien inguru afektiboagatik banatuak direnean. Ez hori bakarrik; egunerokotasunean zein antolaketan, emakumeen kopuru murritzagoa aitzakiatzat hartuta, murrizketa edo debeku ugari pairatzen dituzte emakume presoek, eta beraz, emakumeen kondenak betetzeko baldintzak gizonezkoarenak baino askoz gogorragoak dira.
Hala eta guztiz ere, emakume presoen ahotsa bigarren planoan geratu da, gatazka gizonezkoena izan delako, eta beraz, gatazkaren inguruko errelatoa ere haiena izan delako. Baina ezin da gatazkaren amaierako konponbide justurik eraiki euskal emakume presoen errealitatea kontuan hartu gabe. Ordua da euskal emakume presoen bizipenak, erresistentzia eta duintasuna erdigunean jartzeko eta aitortzeko. Herri honetan, aspalditik ari gara behin betiko konponbidea eskatzen, hiri, herri zein auzoetako kaleetan, plazetan, errepideetan… Eta azken hamarkadetan bide honetara batu garen gazte belaunaldia ere hemen dago, gatazka armatua zuzenean bizi izan ez, baina horren ondorioak pairatzen dituena. Bihar, urtero bezala Bilboko kaleak beteko ditugu, iraganera iltzatuta biziko den azken belaunaldia garela aldarrikatzeko. Eta gatazkaren amaiera izango bada, euskal emakume presoen ahotsetatik ere izango da, isilarazi dituzten hormen gainetik eraikia.